Usain eta kolore guztietako jakiak bost lurralde batzen zituen azokan

Larraitz Zeberio Lekuona 2004ko urr. 25a, 10:56
Galizia, Extremadura, Errioxa, Gaztela eta Leon eta Euskal Herriko jakiak egon ziren. Urteroko etxeko patxaranen lehiaketan Jesus Mari Errasti aretxabaletarra nagusitu zen.

Zortzigarren urtez, Martin Garai eta Zaraia Mendizale Elkartearen ekimenez, Gastronomia eta Folklore azoka burutu zen atzo Aretxabaletan.

Herriko plazan, goiz eta arratsalde, gastronomia produktu ugari egon ziren saltzeko zein dastatzeko. Preziatuenak, Galiziako olagarroa eta Extremadurako pintxo morunoak izan ziren.

Plaza eguerdia aldera bete zen jendez. “Berezia da oso Extremadurako urdaiazpiko pintxoa pita roso ardo goxoarekin dastatzen Galiziako muñeira dantza oholtza gainean ikusten ari zaren bitartean”, aipatzen zuen herritar batek.

Errioxatik lau postu etorri ziren. Ardoa zen nagusi plazako txoko errioxarrean. Ogia, erroskilak, opiltxoak eta larruzko pilota zein zahatoak ere ikusi ziren.

Jarraian, Arrasatetik etorritako Extremadurako Corazon de Encina elkartearen txokoa zegoen. “Guk gazta, urdaiazpikoa, erroskilak eta ardoa ekarri ditugu”, azaltzen zuen elkarteko presidenteak. “Pintxo morunoak ere eskaintzen ditugu eta arrakasta handia dute”. Galiziako postura heldu bezain laster, berriz, laster ikusten zen sukaldariek plaza izkinan zeukaten kobrezko eltze handia. “Olagarroa prestatzeak ez du misteriorik”, adierazten zuen irribarretsu Donostiako Casa de Galicia elkarteko kide batek. “Uretan ondo egosi behar da lehenengo. Gero, olioa, gatza eta piper mina gehitu behar zaio eta listo. Laguntzeko, aproposena, ribeiroa edo albariñoa, noski!”

Gaztela eta Leongo txokoan, oso bestelako koloreak eta usainak nabaritzen ziren. “Ni leondarra naiz”, jakinarazten zuen odol-heste saltzaile batek. “Txerria, behia, zaldia... denetarik dugu. Hau azoka ona da. Ez dut hutsik egin azken sei urteetan”, esan zigun berak.

Plazako azken txokoan, Aretxabaletako Aratz elkarteko kideak topatu genituen. Txistorra eta buzkantza pintxoak barra-barra ateratzen zituzten. Aukeran, salda ere eskaintzen zuten. Edateko, berriz, ardoa, sagardoa edo txakolina.

Patxaran lehiaketa

Domekan, bestalde, lehiaketa herrikoi bat jokatu zen Aretxabaletan. Etxeko Patxaranen Lehiaketak hamar urte bete ditu aurten eta 22 parte-hartzaile izan ditu oraingoan, gehienak debagoiendarrak, baina Donostia, Eibar eta Debako ordezkaritza ere izan da.

Epai-mahai lanetarako ordezkari bana eskatu zien antolakuntzak gonbidatutako elkarte gastronomikoei eta arratsaldeko zazpiak inguruan erabaki zuten irabazlearen izena. Lehen hiru sariak Aretxabaletan gelditu dira aurten. Patxaranik goxoena Jesus Mari Errastirena zela erabaki zuten. Errastik atzean utzi zituen ia urtero aurkezten diren Jose Lonbide eta Javier Irure herrikideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak