Akordeoi Orkestra Mexikora

Deiane Arrieta 2004ko urr. 1a, 19:39

Urriaren 9an Mexikorako bidea hartuko du herriko orkestrak. Mexiko hiriburuko euskal etxean eta unibertsitatean kontzertuak eskainiko dituzte, besteak beste. Eta Akapulkon ospatuko den Euskal Etxeen Munduko Mus txapelketan giroa alaituko dute.

Beste urte batzutan egin duten bezala, aurten ere bidaia egingo du Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak. Bidaia honetan baina, ez dute txapelketetan parte hartuko. Mexikoko Euskal Etxeak gonbidatuta joango dira bi astez itsasoz bestaldera. Lehengo astean lau kontzertu eskainiko dituzte hiriburuan: Euskal Etxean bertan eta baita unibertsitatean ere. Bigarrenean berriz, Akapulkorako bidea hartuko dute. Akalpukoko hotel batean Munduko Mus Txapelketa egingo da eta Atxabaltako orkestrak kontzertu bat eskaintzeaz gain txapelketako giroa alaituko du pasakalle eta euskal kantak joaz.

Lan gogorra

Azken asteetan gogor lan egin dute orkestrakoek: entsegutan buru belarri aritu dira eta. Bidaia burutu ahal izateko ere makina bat kontu egin dituzte dirua lortzen: San Migel eta Andramaixetan txozna ireki zuten , esaterako. Bertan lortutako diruarekin eta Udalak emaniko diru-laguntzari esker egingo dute bidaia.

Azken egunak

Egun gutxi geratzen zaie Mexikora abiatzeko. Horregatik azken entsegutan dabiltza. Hogei akordeoiak itsasoz bestaldera eramateko desmontatu egin beharko dituzte, eta ez da lan makala izango.

Bidaia desberdina

Orain artean Europan zehar hainbat bidaia egin ditu herriko orkestrak, baina oraingo hau desberdina izango da. Izan ere ez dute lehiaketetan parte hartuko. Akordeoia jotzeaz gain Mexiko ezagutzeko ere aprobetxatuko dituzte hamabost egunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak