Aretxabaletako azoka ekologikoan hogeita hamabi baserritar izan ziren

Larraitz Zeberio Lekuona 2004ko ira. 27a, 10:57
Zapatu goizean izan zen azoka eta baserritarrez gain artisauek ere erakutsi zituzten euren lanak. Domekan, kirola izan zen nagusi txirrindularitza criteriumarekin eta Iñaki Perurenaren altxaldiekin.

Zapatuko azokan, giroa eguerdi partean animatu zen. Ordurako, prest zeuden, bakoitza bere erakustokiaren atzean, San Migel azokara bertaratutako barazki saltzaile eta artisauak.

Barazki ekologikoak ziren guztiak. Hau da, produktu kimikorik erabili gabe egindako fruta eta barazkiak. Zerba, tomate eta pataten artean, denboraldiko lehen sagarrak, pikuak eta onddoak ikusi genituen.

Barazki postuetan jendetsuena, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolakoa izan zen. “Bederatzi urte joan dira postua jartzen hasi ginenez geroztik”, azaltzen zuen Kurtzebarri eskolako irakasle batek. “Eskolako ortuan landutako barazkiak ekartzen ditugu azokara eta umeek ilusio handiarekin saltzen dituzte”. Artisautza postuek ere interes handia piztu zuten. Artisauak lanean ikusteko aukera izan zen, hala nola, otargina, zapatagilea eta pilotagilea, besteak beste. Aipagarria, aldi berean, Durana kale erdian aritu zen errementariaren erakustaldia: laster bildu zen jende multzoa inguruan.

Errementariaren alboan, neskato taldea olerkiak saltzen. Aretxabaletako Arizmendi ikastolaren ekimena zen hori. Bildutako dirua Hiruatx GKEa Ekuadorko Rukallacta zonaldean gauzatzen ari den proiektuei bultzadatxo bat emateko bideratu zen. Olerkiez gain, ikastolan landutako usain poltsak, orri-aurkitzaileak eta mermeladak eskaintzen zituzten.

Txistulariek, gaitariek, trikitilariek eta txalapartariek girotu zuten usain goxo eta artisautza bitxikeriaz betetako azoka. Goiz osoan, azokako berezitasun guztiak ikusten ibili ondoren, aretxabaletarrek gustura jan zituzten Loramendi elkartearen txosnan prestatutako talo eta pintxoak; sagardo pixka batekin lagunduta, aproposa oso indarrak berritzeko.

Zalantzarik gabe, festa giroa izan da nagusi aste bukaeran Aretxabaletan. Herritarrek, ordea, gogoan izan dute Alberto Etxebarria. Alberto oso ezaguna zen herrian eta egubakoitzean hil zen. Haren gertukoek dolu-xingolak jarri zituzten bere oroimenez herriko hainbat lekutan.

Domekan kirola

Zapatu gaueko ordu txikiak arte Tapia eta Leturiarekin dantzan ibili ondoren, domeka goizean txirrindulari gazteen txanda iritsi zen. Durana kalea bizikletaz bete zen Gazteendako Udazkeneko Txirrindulari Criteriuma zela-eta. Perurena aita-semeak ere ondo aritu ziren jendez lepo zegoen plaza batean. Ikusmin handia sortu zuten, aldi berean, Ugaitz eta Aratz aizkolari gazteek.

Arratsaldean, lehiakortasuna izan zen nagusi erloju kontrako txirrindulari lasterketan. Urteroko San Miguel mus txapelketan ere ez zen txantxetarako tarterik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak