Astean hainbat etxetako teilatutan izan da, beti ere Aretxabaleta inguruan. Atzo goizean ez zen txoriaren pistarik, baina arratsaldeko zortziak aldera basozainek dei bat jaso zuten sai bat erreka ertzean zegoela esanez. Itxura denez, arbola bat jo eta erreka ertzera jausi zen. Hala ere, Fermin Lezeta basozainak esan digu, ez zirudiela saiak zauri larririk zuenik. Uste dute, Orkatzategi ingurutik etorritakoa izango zela. Sai gaztea dela eta, gorako haize beroak aprobetxatzen jakin ez, eta galdu egingo zen. Orain zain daude, bere kontura hegan hasiko ote den. Horretarako, Urkulu inguruko paraje zabal batera eraman dute.