Eudelek adostutako igoera onartu du Udalak langileendako

Mirari Altube Arrese 2004ko uzt. 14a, 19:18
Udal langileen lan hitzarmena eztabaidatu zuen udalbatzak asteleheneko osoko bilkuran. Eudelek CCOO sindikatuarekin adostutako proposamena bozkatu zuten, hau da, %3,2ko igoera, eta onartu egin zuten aldeko zortzi boto jasota.

Ohiko osoko bilkura egin zuen astelehenean Aretxabaletako udalbatzak. Beste gai batzuen artean udal langileen lan hitzarmena izan zuten hizpide.

Aldeko zortzi botorekin onartu zuten

Ibarreko gainerako herrietan egin bezala Aretxabaletan ere osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak Udal langileen auzia konpontzea. Eudelek eta CCOO sindikatuek adostu duten %3,2ko igoera proposatu zuen Arritxu Oliden alkateak langileendako. Aralar alderdiko zinegotziak ez ziren alde agertu esanaz hitzarmen sektoriala berreskuratu beharra egon arren momentu honetan Udalak eta langileek negoziaketa bidez konpondu beharreko kontua dela. Bai alkatea, bai PSE-EEko zinegotzi den Mari Carmen Atxutegi hitzarmen sektorialaren alde agertu ziren. Hala, Aralarreko hiru zinegotziek aurka bozkatu zuten, Ezker Batukoa abstenitu egin zen eta gainerakoek, EAJko seiek eta PP eta PSE-EEko bakarrek aldeko botoa eman zioten.

Aretxabaletako udaletxean lan egiten duten 15 bat langile eta Debagoieneko LABeko langileen hainbat ordezkari egon ziren asteleheneko osoko bilkuran Inposaketarik ez, Lan hitzarmena negoziatu nahi dugu zioten kartelak eskuan zituztela. Bozketa egin ostean kartelak osoko bilkuren aretoko mahai gainean utzi eta alde egin zuten langile guztiek. Onartutakoa ikusita ere lan hitzarmenaren negoziaketa eskatzen jarraituko dute hurrengo hilabeteetan Udal langileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak