Denboraldi polita egin dute Errasti anaiek; hala, Debarroko Pilota Txapelketako finalera iritsi dira. Bihar biribildu beharko dute orain arte egindako txapelketa.
Udaberri txapelketa irabazi zuten apirilean
Urte bikaina egiten dabiltza Unai eta Ibon Errasti anaiak. Apirilean, Udaberri Pilota Txapelketa irabazi zuten, Urretxuko bikote bati gailenduta. Euskal Herri mailako Udaberri Txapelketa jokatzen ere hasi ziren, baina partiduak pilatu egin zitzaizkien eta uztea erabaki zuten. Orain, Debarroko Txapelketako finala dute aurrez aurre. Muguruza eta Gutierrez bergararren aurka jokatu beharko dute, eta ez da partidu samurra izango.
Seigarren finala
Debarroko Txapelketako seigarren finala jokatuko du Aretxabaletako bikoteak bihar Eskoriatzan. Hiru aldiz izan dira txapeldunak, azkena iaz, Zugasti eta Lazkano arrasatearrei irabazita. Aurten, ikusi egin behar. Urtetan aurrera doaz anaia biak dagoeneko 31 dituzte, baina sasoi onean daudela erakusten dabiltza, eta oraingoz, datorren denboraldian ere pilotan jokatzen jarraitzeko asmoa daukate.