Agur esan diete ikasleek agustindar elkarteko mojei

Atzo, ekainak 17, egin zuten Santa Rita ikastetxean ikasturte bukaerako festa. Aurten, baina, ikasturteari ezezik, Santa Rita egoitzari eta agustindar elkarteko mojei ere agur esan zieten. Izan ere, datorren kurtsoan mojek ez dute eskolarik emango.

Jai berezia izan zuten atzo Santa Rita ikastetxean. Ikasturteari, egoitzari eta mojei esan zieten agur ikasle, guraso eta irakasleek. Datorren kurtsoan Arizmendi ikastolara joango dira, Beroa lantegia zegoen lekura, eta mojek ez dute eskolarik emango.

Hori horrela, omenaldia egin gura izan zieten hainbeste urtean eskolak ematen egon diren mojei, eta batez ere azken urteotan eskolan, jangelan eta sukaldean lagundu dietenei. Jon Sarasuak bertsoak bota zituen, irakasleek aurreskua egin zieten dantzan, eta Eskola Kontseiluko ordezkariak oroigarria eman zien guraso guztien izenean. Hunkituta azaldu ziren agustindar elkarteko kideak, ezustean harrapatu zituen-eta omenaldiak.

Ia 50 urte eskolak ematen

Aurten 100 urte dira agustindar elkartea Aretxabaletara heldu zela. 16 moja etorri ziren orduan; gaur egun ostera, 9 daude. 1957an hasi ziren eskolak ematen, eta ordutik ibili dira lan horretan, azken urteotan gehienek beste lan batzuk egin arren. Orain, eskolak emateari utzi eta ostatua indartzeko asmoa daukate, etxea otoitz leku izatea gurako lukete-eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.