Euskara Biziberritzeko Plana jarri du abian Udalak

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia jarri du abian Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horren berri eman zuten atzo, ekainak 1, egin zuten prentsaurrekoan. Euskara normalizatzea eta esparru guztietan erabili ahal izateko bideak zabaltzea du helburu Udalak plan horrekin.

Euskara biziberritzea da Udalaren erronka datozen urteetarako. Horretarako erakundeen laguntza izango du eta herriko eragileen partaidetza beharko du.

EBPN-ren aurkezpena

Atzo, ekainak 1, aurkeztu zuten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, EBPN, Aretxabaletako Udalean. Arritxu Oliden alkatea, Xabier Sarasua Euskara zinegotzia eta Patxi Goenaga Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan ziren aurkezpenean. Izan ere, euskara biziberritu eta sustatzeko konpromisoa hartu du Udalak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntza izango du. Atzokoa aurkezpen ekitaldia besterik ez zen izan, Euskara batzordeak orain dela hilabete batzuk hartu zuelako EBPN aurrera eroateko erabakia.

Helburu estrategikoak

Euskara biziberritzea proposatu zion Udalak Euskara batzordeari orain hilabete batzuk. Aretxabaletan euskararen inguruan lan egiten duten talde eta elkarteak batzen dira Euskara batzordean, eta bertan erabaki zuten Eusko Jaurlaritzak proposatu eta bultzatutako EBPN aurrera eroatea. Helburua da euskararen normalizazioa, eta horretarako esparru guztietan erabili ahal izatea herrian.

Dagoeneko lanean hasita dago Euskara batzordea, eta hiru helburu estrategiko finkatuta ekin dio lanari:

  • Euskara belaunez belaun eta etenik gabe transmititzea eskola, euskaltegi eta familiaren bitartez.
  • Euskarazko zerbitzuen eskaintza eskolaz kanpoko erabilera eremuetara zabaltzea.
  • Hizkuntza etengabe elikatzea herritarrek eroso, erraz eta kalitatez egin dezaten euskaraz.

EBPN zabalik dagoen dokumentua da, hala esan zuen alkateak; eguneratzen eta egokitzen joango dira, gainera. Hala ere, Udalak hamar konpromiso hartu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren aurrean. Konpromisook herritarren partaidetzarekin eroango ditu aurrera:

1- EBPNren garapenerako solaskidea izendatzea. Euskara teknikariek beteko dute lan hori.

2- Orain arte herrian egin diren ekintzen datu-bilketa egitea. Dagoeneko eginda.

3- Diagnostikoa aztertu eta osatzea.

4- Udaleko Erabilera Plana egitea.

5- Plan Estrategikoaren iraupena erabakitzea eta proposamena egitea.

6- Euskara Aholku batzordea osatzeko proposamena egitea.

7- Euskara Zerbitzua (Udal barnekoa eta kanpokoa) osatzeko proposamena egitea.

8- EBPN bete ahal izateko udal aurrekontuan sartzea.

9- Komunikazio planaren zirriborroa egitea, Eusko Jaurlaritzako eredua Aretxabaletara egokituz.

10- Plan Estrategikotik abiatuta lehenengo urteko kudeaketa plana egitea.

Erabilera datuak

Orain hilabete inguru euskararen kale erabileraren gaineko datuak eman zituzten. Datu horiekin eta beste hainbatekin diagnostikoa osatu du Euskara batzordeak. Ahuleziak eta indar-guneak zehaztu dituzte bertan, baita ondorioak atera ere. Behin diagnostikoa eginda plan estrategikoa osatzea izango dute hurrengo pausoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.