Udaleko Euskara Sailak aginduta egin zuen kale neurketa SEI kultur elkarteak azaroan. Zazpigarren kale neurketa izan da.
Ez da %43ra heltzen
Herritarrek kalean euskaraz egiten duten edo ez neurtu zuten SEIko bi kidek. Behaketa zuzen bidez egin zuten, hau da, 5 egunetan 2 orduz kalean gora eta behera ibilita. Sexua, adin tartea eta zona bereiztu zituzten, gainera. Azterketa egin zutenean, 6.018 biztanle zituen Aretxabaletak eta 2.899 hiztun neurtu zituzten, hau da, %48. Jasotako emaitzen arabera, kalean euskaraz egiten duten herritarren kopurua ez da %43ra heltzen. 1989an egin zuten lehen kale neurketa Aretxabaletan, eta 1989tik 2001era bitartean gora egin zuen euskararen erabilerak. 2001etik 2003ra bitartean, ostera, jaitsi egin da, 12 puntu jaitsi ere.
Zona eta adina
Azterketa egiteko herriko hainbat leku aukeratu zituzten. Hona euskaraz egiten zutenen portzentaiak:
- Futbol zelai inguruan %71
- Ludoteka inguruan %61
- Egubakoitz gaueko giroa plaza inguruan %60
- Herriko erdialdean %30
- Azokan %18
Adin taldeen arabera:
- Haurrak eta gazteak %58
- Helduak eta adinekoak %33
Gazteen erabilera herrikoaren gainetik dago, hortaz, itxaropentsua da hori; hala ere, 2003an egindako neurketa horretan jaitsi egin da erabilera adin tarte guztietan: haurretan, esaterako, 18 puntu eta adinekoetan 25.
Euskararen ezagutza
Euskararen ezagutzaren gaineko datuak ere eman zituen SEI elkarteak, nahiz eta hori ez aztertu eurek. Datu horien arabera:
- Euskaraz dakiten aretxabaletarrak %65
- Ia dakitenak %17
- Erdaldunak %18
Kezka sortu duten datuak haurren gainekoak izan ziren; izan ere, azken 5 urteotan lau puntu jaitsi da haurretan euskararen ezagutza maila.