Jende ugari eta giro bikaina Aretxabaletan, euskara sustatzeko

Jende ugari gerturatu zen euskararen aldeko jaira. Aurten antolakuntzan inoiz baino herritar gehiagok hartu du parte. "Eitteko prest? Euskaraz bizi" izan da leloa. Argazkitan ere ikusi dezakezu egunak eman zuena.

Euskarak ospakizun bikaina izan du aurten ere Aretxabaletan. Loramendi euskara taldeak antolatuta eta herriko beste hainbat talderen laguntzarekin, jaiegun jendetsua izan zen zapatukoa. Aretxabaletarrek ederto pasatzeko aukera izan zuten euskararen alde. Azpimarragarriena herriko kultura eta aisialdi taldeen parte-hartze handia izan da.

Loramendi taldearekin batera egitarauan aretxabaletar askok lagundu dute. Aurreko urteetan baino jende gehiago animatu da parte hartzera eta honek jaia indartzea lortu du, antolatzaileen esanetan. Izan ere, Loramendi elkartearen helburu nagusia parte-hartzea bultzatzea izan da eta aurten inoiz baino talde gehiago ibili da laguntzen. Horien artean, gastronomia elkartekoak eta Kuadrilategi gazte-animazio taldekoak ibili dira buru-belarri. Laguntza honi esker egitarau mardula prestatzea lortu dute Loramendikoek. Halaber, eguraldiak asko lagundu zuen. Eguerdiko hamabietan ekin zioten festari. Lehenik haurren txanda izan zen, eurentzat propio prestaturiko tailerretan. Bien bitartean, trikitilariak arduratu ziren herriko kaleetako giroa berotzeaz. Ordu batetarako hasi zen jendea animatzen. Mitarte kalera gerturatu zirenek inguruetako baserrietatik ekarritako gaztak dastatzeko aukera izan zuten. Bertan, euskal joten emanaldia egon zen, eta jende ugari erakartzea lotu zuten kantari nafarrek.

Babarrun-jan jendetsua

Eguneko ekitaldi nagusia izan zen herriko plazan egindako herri bazkaria. Urtero bezala, babarrun-jana izan zen. Espero baino jende gehiago gerturatu zen plazara, guztira 180 bat lagun. Bazkariak izandako arrakastarekin pozik agertu ziren antolatzaileak. Eguerdian, jende ugari ibili zen kalean, eta horietako asko, ondoren, bazkarira animatu ziren. Bazkalostean postre berezia egon zen. Loramendikoek prestatutako antzerkia ikusteko aukera izan zuten plazara joandakoek. Antzezlan berezia izan zen oso, bai gidoia zein aktoreak taldekoak baitziren, hain zuzen ere.

Bazkaria amaituta Batukadaren bisita izan zuten. Jaiegunak triki-poteoarekin jarraitu zuen arratsalde osoan. Gaitariak eta erraldoiak ere ibili ziren kaleetan, eta gauean txarangarekin bukatu zuten ekitaldi sorta. Jaia, ostera, gaueko ordu txikietaraino luzatu zen. Arrakastatsua izan da, hortaz, aurtengo Euskararen Eguna. Giroagatik eta, batez ere, jendearen parte-hartze handiarengatik.

Loramendi Euskara taldearen helburua bete egin zen erabat. Jai honekin, eta ezinbestez, herria bera inplikatuz euskararen erabilera sustatu nahi izan baitzuten. Herriaren babesa izan zuen, beraz, Euskararen Egunak; horri esker jarraitzen du Loramendi elkarteak aurrera, eta dagoeneko hamar urte baino gehiago egin ditu lanean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.