Aurten 26. krosa egingo dute. Dagoeneko ibilbide luzea egin du herri lasterketa horrek, eta orain arte maiatzeko lehen domekan egin izan dute. Aurten, ostera, atzeratzea erabaki dute, eta Otala Zelai egunarekin batera egitea. Ea horrela herritar gehiagok hartzen duen parte.
Otala Zelain hasi eta bukatu
Otala Zelain bertan emango diote hasiera lasterketari eta helmuga ere han izango du. Horrek zerbait luzatuko du ibilbidea, bi kilometro inguru.
Lehenengo, benjaminek, alebinek, infantilek eta kadeteek hartuko dute parte. Bakoitzaren adinera egokitutako ibilbidea izango dute horiek, 600 metrotan hasi eta 2.000 metrora bitartean. 11:00etan, ostera, gainerakoek emango diote hasiera, juniorrek, seniorrek eta beteranoek, gizonezko zein emakume. Urkuluko urtegiari bi itzuli emango dizkioten bakarrak gizonezko seniorrak izango dira, guztira 15.110 metro egingo dituzte.
Izena egunean bertan eman beharko dute parte-hartzaileek, lasterketa hasi baino ordu eta erdi lehenago 5 euro ordainduta. Zenbakiak ondoren, 09:30etik 10:30ak bitartean banatuko dizkiete antolatzaileek. Kategoria bakoitzeko lehen aretxabaletarrak 25 euroko saria jasoko du, eta parte-hartzaile guztiek jasoko dute lasterketako kamiseta. Sariak ere zozketatuko dituzte.