Aretxabaletan 150 dantzari batu ziren atzo, ibarreko dantzari egunean

Urtero herri batek antolatzen du ibarreko dantzari eguna; aurten, Aretxabaletako Loramendi taldeak. Bost dantza taldek hartu zuten parte; Bergarako, Arrasateko, Oñatiko eta Antzuolako taldeek.

Atzo, domeka, ibarreko dantzarien eguna ospatu zuten Aretxabaletan. Goizean hasi eta ilunabarra bitartean iraun zuen jaiak, eta zeruaren urdinak egunari eman zion argitasunak eta dantzarien jantzi bizien gorri-berdeek kolore ezin alaiagoz jantzi zuten herria.

Atzokoa ibarreko dantzari egunaren 12. aldia izan zen, eta Aretxabaletan egin zutenez, Aretxabaletako Loramendi dantza taldeak izan zuen eguna antolatzeko ardura. Izan ere, urtero herri ezberdin batek egiten du, eta antolaketaren lekukoa herri bakoitzeko dantza talde batetik bestera pasatzen dute. Honako herrietan ospatzen dute, hain zuzen, ibarreko dantzari eguna: Bergaran, Arrasaten, Oñatin, Antzuolan, Eskoriatzan, Soraluzen eta Aretxabaletan.

Bestalde, udalek ere laguntzen dute antolaketan. Atzoko jaialdiaren kasuan, esaterako, bazkaria ordaindu zien Aretxabaletako Udalak parte-hartzaileei, Aintzane Aizpurua Loramendi dantza taldeko arduradunaren esanetan.

Bost dantza talde

Bost dantza taldek hartu zuten parte atzoko dantzari egunean: Bergarako Xamatz taldeak, Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz taldeek, Oñatiko Oñatz taldeak eta Antzuolako Oinarin taldeak. 10:30ean iritsi ziren herrira eta 11:45 aldera kalejira egin zuten herrian barrena. Horren ondoren, dantza talde bakoitzeko bikote batek agurra egin zuen plazan, eta alardeari ekin zioten. Denetariko dantzak egin zituzten: Otsagabia, Soinu zaharrak, Auzkungo gaita, Berriotxoa, Igitai dantza... Jende nahikotxo hurbildu zen, gainera, Herriko Plazara alardea ikustea.

Eguerdian, Tabernaberri jatetxean bazkaldu zuten: barazki menestra, oilaskoa, flana izozkiarekin, kafea eta kopa. Arratsaldean berriz egin zuten alardea, eta bigarren horretan beste dantza batzuk eskaini zituzten. Goizeko eta arratsaldeko dantzak zenbatuta, 14 ezberdin egin zituzten. Azkenik, eguna biribiltzeko, Iparraldea bertan hamabostaldiaren barruan etorritako Iparraldeko Pika taldeak emanaldia egin zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.