Arkarazoko errepidea konpondu gura du Udalak

Mirari Altube Arrese 2004ko mar. 17a, 12:44
Arkarazo auzora doan errepidea konpontzen ibili dira egunotan. Orain urtebete ere konpondu zuten, baina otsaileko elurteak berriro zartatu, eta lurrek behera egin zuten. Behar bezala konpontzeko Udalak Foru Aldundiari eskatuko dio laguntzeko.

Arkarazoko errepidea ezin konponduta dabil Aretxabaletako Udala. Ondo konpontzeko diru asko behar du, eta Foru Aldundiari eskatuko dio laguntzeko.

Inbertsio handiko lanak

Otsail bukaeran egindako elurteak ur asko ekarri zuen, eta ondorioz Arkarazoko baserrietara doan errepideak behera egin zuen. Udala hori konpontzen dabil auzotarrek arazorik izan ez dezaten, baina Hirigintza Saileko arduradunen esanetan behin-behineko konponbidea da.

Aurtengoa ez da Arkarazoko errepideak izan duen lehen arazoa; izan ere, orain urtebete egindako euri jasek bidea zartatu eta apurtu egin zuten. Orduan egindako ikerketaren arabera 50 metro inguruko horma egin behar zitzaion errepideari ez jausteko, eta 115.000 euro gorde zituen Udalak horretarako. Konpontze lanok hasi zituztenean, ostera, hori baino horma handiagoa behar zuela ikusi zuten, eta egin beharreko inbertsioa ere askoz handiagoa zen.

Foru Aldundiari laguntza eskaera

Ikerketa sakonagoa egin eta bidea behin betiko konpontzeko asmoarekin, Udalak Foru Aldundiari eskatuko dio laguntzeko. Hirigintza Saileko arduradunak eta alkatea joango dira Aldundiko arduradunekin berba egitera, eta ikusi egin behar zein borondate erakusten duten Donostia aldean. Ea hurrengo elurteek edo euri-jasek ez dieten arazorik ematen auzotarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak