Aretxabaletako Muru-Alde elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Atzo arratsaldean Aimar Olaizola eta Julian Retegi pilotariak eta Iñigo Simon medikua izan ziren Muru-Alden.
Pilotaren gaineko hitzaldia eskaini zuten hiru protagonistek, eta jende asko gerturatu zen Muru-Alde elkartera. Hori bai, Julian Retegi aldez iragarrita zegoena baino ordu erdi beranduago iritsi zen Aretxabaletara.
Eskuz binakako txapelketaren gainean aritu ziren, eta Iñigo Simon medikuak eskuko minaren gaineko zenbait azalpen eskaini zituen. Kontuak kontu, gustura izan ziren Muru-Alde elkarte gastronomikora gerturatutakoak.