Aretxabaletarrak gertu Aratusteetarako

Mirari Altube Arrese 2004ko otsailaren 19a

Udaleko Kultura Sailak gertu dauka aurtengo Aratusteetarako egitaraua. Hala ere, herriko koadrilak izango dira protagonista domekan, eta eurek girotuko dituzte kaleak egun guztian. Aratuste-martitzena, ostera, ikastetxeetako umeendako eguna izango da.

Eguraldiak laguntzea baino ez dugu eskatuko aretxabaletarrok Aratusteetarako, eta gainerako osagaiak geuk jarriko ditugu.

Aratuste-domeka

Mozorroei azken ukituak ematen dabiltza herriko koadrilak, eta Udaleko Kultura Sailak gertu dauka egitaraua. 10:00etan, txistulariek emango diote ongietorria egunari, eta 12:00etan, kalejira egingo dute koadrilek, txarangak lagunduta. 16 urtetik gorakoek, gainera, derrigorrez hartu beharko dute parte kalejiran, mozorro lehiaketan parte hartzeko. 12:30ean, Txino dantza egingo dute aurtengo Santa Ageda mutilek.

Arratsalde partean, 18:00etan, hain zuzen, kalejira egingo dute koadrilek eta herritarrek txarangarekin, eta 19:30ean, mozorro lehiaketako sariak banatuko dituzte udaletxean.

Aratuste-martitzena

Martitzenean, ostera, herriko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak izango dira protagonista. 15:00etan, txarangarekin kalejira egingo dute, eta 17:30ean, buruhandiak irtengo dira. 18:00etan, Euskal Disko Festa egingo dute plazan. 20:30ean, herri afaria egingo dute Taberna Berri jatetxean; eta Aratusteak bukatzeko, Txinoaren hileta egingo dute, 22:30ean. Hiletara luto jantzita joan beharko dute herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak