Aurtengo aurrekontua onartu du Aretxabaletako udalbatzarrak bilkuran. Alderdi Popularraren zinegotziaren kontrako botoarekin onartu dituzte aurrekontuak, eta PSEko zinegotziak ez du esku hartu udalbatzarrean. Ia 7 milioio eurokoa izango da aurrekontua. Horrek esan nahi du iaz baino 500 mila euro gutxiago izango dituela Aretxabaletako Udalak.
Dena dela, iazkoaren antzerakoa da aurrekontua. Izan ere, 500 mila euroko aldea, Debagoieneko industrialdean iaz Arrasateko Udalak eginiko diru sarreraren araberakoa da. Hau da, iaz, Arrasate ibarreko industrialdean sartu zenean, Arrasateko Udalak eman zion Aretxabaletakoari 500 mila euro, bueltatu beharrekoak.
Bi lanpostu sortuko dituzte: Informatikaria eta kiroletxeko harrera postua
Inbertsio aipagarrienak honako hauek izango dira: 500 mila euro lursailen erosketarako bideratuko du Udalak. 420 mila saneamendurako, 300 mila kultura ekipamenduetarako eta 210 mila euro erosteko industri pabilioiak. Beste partida bat bideratu du Udalak bi lanpostu berri sortzeko: Informatikari postua bat, eta kirol etxeko harrera postua bestea.
Eusko Jaurlaritzari lursail bat lagatzea ere onartu du Aretxabaletako Udalak. Etxebizitza sozialak egingo dituzte bertan. Era berean, Aretxabaletako Udalak sinatu egingo du lankidetza hitzarmena Agenda 21aren gainekoa.