Urtarrilaren 29an bete dira 12 urte Kepa Urra kartzelaratu zutela

Dagoeneko 12 urte egin ditu Kepa Urra euskal presoak kartzelan. Urtarrilaren 29an, bete zituen, hain zuzen. Batetik, hori gogoratzeko, eta bestetik, otsailean Keparen urtebetetzea izango dela jakinda, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

Ez da ospatzeko moduko urteurrena, baina bai gogoratu eta 12 urte kartzelan daramatzan Kepari elkartasuna adierazteko modukoa.

Hainbat kartzela ezagutu ditu

Coruñako Curtisen dago Kepa, Aretxabaletatik 736 kilometrora. 1992ko urtarrilaren 29an atxilotu zuten. Torturatu, eta bederatzi egun pasatu zituen Basurtoko ospitalean. Horren ondoren, hainbat kartzelatan izan da: Madrilgo Alcala, Cadizko Puerto II, Madrilgo Valdemoro, Basauri, Langraitz eta Coruñako Curtis-en. Han daramatza azken bi urteak. Isolamendu egoerak, gose grebak… Une benetan gogorrak bizi behar izan ditu Kepak 12 urteotan. Gose grebei dagokienez, hainbat egin ditu. Luzeena 1992an egin zuen, Puerto II kartzelan; 26 egunekoa, hain zuzen. Alcalan egon zenean ere egin zuen beste bat; 15 egunekoa.

Eskualdeko manifestazioa eta afaria

Kepa gogoan izateko hainbat ekitaldi antolatu ditu Askatasunak. Urtarrilaren 29an, esaterako, kale agerraldia egin zuten. Urtarrilaren 31n, ostera, egun osoan izango dituzte ekitaldiak:

  • 11:30ean, bolo txapelketa antolatu dute.
  • 18:30ean, eskualdeko manifestazioa egingo dute Mitarte kaletik aterata. Errepresioari stop. Euskal presoak Euskal Herrira izango da manifestazioaren leloa.
  • Bukatutakoan, trikitilariek lagundutako kalejira egingo dute tabernaz taberna.
  • 21:30ean afaria izango dute Taberna Berri jatetxean. Bertsolariek girotuko dute, gainera, afal ordua eta, nola ez, baita afalostea ere.

Otsailaren 13an Curtisera

Otsailaren 13a Keparen urtebetetze eguna da. Hori horrela, zorionak eman eta elkartasuna adierazteko asmoarekin Coruñan dagoen Curtis kartzelara martxa antolatu dute. Egubakoitzean, hilak 13, 23:00etan aterako dira Azbe lantegi paretik. Euskal herritarrak direlako Euskal presoak Euskal Herrira leloa dauka martxak, eta joan gura duenak Urbaltz tabernan eman beharko du izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.