Podologo zerbitzua izango dute Basotxo Erretiratuen Elkartean

Mirari Altube Arrese 2004ko urt. 16a, 17:02
Basotxo elkartea daukate herriko erretiratuek topaleku. Bidaiak, zozketak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza antolatzen dituzte. Orain hilabete batzuk ile apaindegia jarri zuten abian, eta datorren astetik aurrera podologoa etorriko zaie eguaztenetan.

Herriko erretiratuek oraindik zeresan handia daukate. Hori bai, inork ez diela ezer emango jakinda eurek antolatzen dituzte erretiratuendako ekintzak eta zerbitzuak. Azkenengo jarri dituztenak ile apaindegia eta podologia zerbitzua dira. Baina aipatutako guztiak erabili eta elkartean parte hartzeko bazkide izan behar da. Hortaz, erretiratuak anima zaitezte eta elkartean izena eman.

Ile apaindegia

Azken urteotan ile apaindegi eske ibili da Basotxo elkarteko batzordea. Iaz gela txiki bat egokitu eta azaroan jarri zuten abian aipatutako ile apaindegia. Eva Valor eskoriatzarra da ile-apaintzailea, eta egunero jarduten du bertan, arratsalde partean. Aurrez telefonoz deitzea komeni da, hortaz, hona zenbakia: 645 70 63 76.

Podologoa

Orain, ostera, podologia zerbitzua jarriko dute. Datorren eguaztenean hasi (urtarrilak 21), eta hileko hirugarren eguaztenetan joango da Alex Azkarate podologo arrasatearra, hanketako kailu eta gogorruneak biguntzera. Kasu honetan ere aurrez eskatu behar da hitzordua Basotxo elkartean bertan, 11:00etatik 12:00etara bitartean. 9,50 euro ordaindu beharko da zerbitzua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak