Liburuxka kaleratu du Hiruatxek

Liburuxka kaleratu du Hiruatx Aretxabaletako hirugarren mundurako taldeak. 12 urtean egindako lana ezagutarazi eta eskertzen diete herritarrei bertan.

Isil-isilik eta fin-fin ibili da lanean Hiruatx hirugarren mundurako elkartea, eta dagoeneko 12 urte bete ditu. Eta ez nolanahi bete, gainera: sei proiektu eroan dituzte aurrera, hiru kontinentetan.

Sei proiektu

Indian hasi zuen Hiruatxek ibilbidea, eta 12 urte pasatu eta gero sei proiektu eroan ditu aurrera. Azkena Ekuadorren dute, Rukullakta eskualdean, eta kooperatiba bi sortu dituzte.

Hona proiektuen berri:

  • 1991-1995: Indian Unai proiektua

Arroztiak 433 hektarea, 21 putzu, 12 Haur Hezkuntzako eskola egin zituzten, eta terreno guztietan moldatzen den anbulantzia erosi.

  • 1995-1997: Kongon Bukavu proiektua

Zuzendaritza bulegodun eskola bi eta 18 gela eraiki zituzten; 1.300 ume bidali dituzte eskolara.

  • 1997-1998: Kolombian San Clemente proiektua

San Clemente instituturako esnekien tailer nekazal-industriala egin zuten.

  • 1998-1999: Nikaraguan Condega I proiektua

Oinarrizkoak diren bitarteko euskarriak batu zituzten abandonatutako familiendako: heziketa, ortuak, oilategiak, fruitu zuhaitzak...

  • 1999: Nikaraguan Condega II proiektua

Mitch ekaitzak sortutako kalteak estaltzeko premiazko laguntza: 30 etxe eraiki zituzten, 9 konpondu eta 10 letrina egin.

  • 1999-2001: Indian Unai II proiektua

Esnedun bufaloak erosi zituzten, 120, familia behartsuendako, heziketa zentroa eta biltegia egin ere bai.

  • 2000: Mozambiken Marracuene proiektua

Uholdeen erruz sortutako kalteak estaltzeko laguntza: 47 etxe eraiki zituzten.

  • 2001-2002: Ekuadorren Rukullakta I proiektua

Pentsu konposatuen kooperatiba sortu zuten, eta enpresa kudeaketan hezi dituzte.

  • 2003-2004: Ekuadorren Rukullakta II proiektua

Oilasko hazkuntzaz jarduten den eta hiltegia kudeatzen duen kooperatibak sortu dituzte. Enpresa kudeaketan hezi dituzte.

Hiruatxeko kide den Ibon Antero Ekuadorko Rukullakta herrian dago otsailetik. Oso lan polita eta garrantzitsua egiten dabil kichua indiarrekin.

Aretxabaletarrei esker

Zehatz-mehatz eman dute proiektu guztien berri kaleratutako liburuxkan; argazki ugarik, lagunduta. Aretxabaletarren diru ekarpenenak aipatu dituzte, gainera; izan ere, oso pozik daude Hiruatx elkarteko kideak herritarrengandik jasotako erantzunarekin: “Udalak eta herriko taldeek lagundu digute, baina herritarrek egin dituzte ekarpenik handienak. Urtetik urtera, gainera, igoaz joan dira laguntzak”, esan digu Jose Mari Sarasuak.

Hiruatxi egindako ekarpenen jatorria:

  • Herritarrek: 341.540 euro, hau da, %52,5
  • Udalak: 240.170 euro, hau da, %37
  • Erakundeek: 67.704 euro, hau da, %10,4

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.