Aralarrek lehen hilabeteetako balorazio positiboa egin du

Mirari Altube Arrese 2003ko aza. 6a, 16:48
Prentsaurrekoa eman du astean Aralar alderdiak. Agintaldiko lehen hilabeteetako balorazioa egin zuten Udalean dauden hiru zinegotziek, balorazio positiboa, eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman zuten.

Xabier Sarasua zinegotziaren esanetan, Aralarren helburua da jasotako botoei ordezkaritza abertzalea eta ezkerrekoa ematea Udalean. Herritarren parte-hartzea lortzeko mekanismoak abian jartzea izango dute lehentasunetako bat. Horren harira, herritarrak informatuta eduki gura dituzte, eta aldioro kaleratuko duten orri baten bidez.

Gobernu batzordean

Udaleko Gobernu batzordean parte hartzea erabaki zuen uztailean Aretxabaletako Aralarrek. “Bi baldintza jarri genizkion EAJri: batetik, Udala lankidetzan gobernatzea; eta bestetik, legez kanpo utzitako Aretxa Plataformaren ordezkaritza bermatzea udal gestioan eta erabakietan”, esan zuen Xabierrek. Udalaren jardunaren inguruan pozik azaldu zen, baina bigarren baldintza oraindik bete barik dagoela aipatu zuen: “Arazoa konpontzeko proposamen erreal bakarra Aralarrek egin du orain arte, eta argi daukagu konponbidea alderdien borondatearen baitan dagoela”.

Ikasturterako helburuak

Kultura eta Euskara Sailaren, Herri Antolamendu eta Segurtasun Sailaren eta Ingurumen Sailaren ardurak dituzte Aralarko hiru zinegotziek; gogotsu hartu dute Udalean egiteko dagoena, eta etxebizitzen arazoari, bestalde, aparteko ahalegina eskaini gura diote. Gaineratu zuen Udaleko batzorde guztietan, Mankomunitatean eta gainerako erakundeetan ere badihardutela.

Bukatzeko, Xabier Sarasuak berak Udalean hartu duen egun erdiko lan dedikazioak sortutako zalantzak argitu gura izan zituen: “Batetik, EUDELen proposamena izan zen; eta bestetik, bi hilabeteko lana egin ostean, behar-beharrezkoa dela deritzot lan handia dagoelako egiteko. Bergaran, esaterako, Aralarrek bere gain hartu du zinegotzi baten dedikazioa”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak