Herri Antolamendua eta Segurtasuna saila herritarren zerbitzura

Mirari Altube Arrese 2003ko urr. 30a, 18:41
Agintaldi berrian sortu dute Udalean: Herri Antolamendu eta Segurtasun Saila. Felis Beltran de Heredia zinegotzia da, eta udaltzainen bitartez arduratzen da herriko arazoei irtenbidea topatzen.

Sail berri honek ez du aldaketa handirik ekarriko herrira, baina eguneroko arazo txiki horiek konpondu gura ditu herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Herriko zirkulazioa

Herri barruko zirkulazioa da zuzendu gura duten arazoetako bat: Durana kalea itxi ostean, automobilak gora eta behera, zebrabideetan eta espaloietan autoak edozein modutan aparkatuta, motoak inolako neurri barik batez ere uda partean… Horiez gain, arazo handiagoak dituzten zona batzuk ere badaude; Solohandi auzo inguruko errepidea autoz gainezka, esate baterako.

Zirkulazioaz gain badira sail berri horren ardurapean dauden beste kontu batzuk eta ordenantzak sortuko dituzte arautzeko: Txakurren kontuak eta fatxadetan jartzen diren publizitate kartelak.

Herritarren Heziketa

Bandalismoarekin zerikusia duten gero eta kexa gehiago jasotzen dituzte Udalean: zaharren egoitza inguruan gero eta gertakari larriagoak, patineteak direla-eta herritarrak gogaituta… Ezin izango diote erantzuna samur eman, baina argi dute gurasoen inplikazioa beharrezkoa izango dela.

Arazoak konpondu bakarrik ez heziketa ere landu gura du Herri Antolamendu eta Segurtasun Sailak. Bai eskoletan, bai herrian segurtasun-arauen berri emateko asmoa dute besteak beste.

Lau udaltzain

Lan horiek guztiak udaltzainek zaindu eta betearazi beharko dizkiete herritarrei. Lau ditugu herrian: Martin Garai udaltzain-burua, Alberto Cillaurren, Iban da Silva eta Ritxi Briñas, azken hori Jose Nuñezen ordez. Lau izanik argi dago lan guztiak egitera ezin direla heldu, ez behintzat ondo; hortaz, denbora kontua izango da udaltzain gehiago hartzea. Oraingoz, gainera, ez dute aste bukaeretan eta gauetan lanik egiten baina aurrerago hori ere pentsatu beharreko zerbait izango dela dio zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak