Coprecik lantoki berria zabaldu du Turkian

Amagoia Lasagabaster 2003ko urriaren 8a

MCCko Copreci lantokiak Turkiako hiriburutik gertu dagoen Gebze herrian ireki du egoitza berria. Abenduan hasiko dira han lanean eta hasierako inbertsioa 2,5 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Aurreikuspenen arabera, berriz, Coprecik 4 milio euro fakturatuko ditu urteko.

Istanbuletik gertu dagoen Gebze herria aukeratu du Copreci kooperatibak nazioarteko zabalkundean pausu berri bat emateko. Han ireki du, hain justu, abenduan lanean hasiko den lantokia. Copreciren helburua da Turkiako merkatua hornitzea eta bide batez salmentak handitzeko bezero berriak egitea. Copreciko arduradunek hasieran 2,5 milioi euro baino gehiago inbertitzeko asmoa daukate. Zehaztu duten urteko fakturazioa, berriz, lau milioi eurokoa da.

Coprecik etxetresna elektrikoen osagaiak egiten ditu eta gas bidezko egosketa negozioan Europako eta munduko liderra da. Urtero 150 milioi euro fakturatzen ditu eta salmentetatik %75 nazioartean egiten du. Kooperatibako arduradunek duela urte batzuk nazioartean zabaltzeko apustu garbia egin zuten, eta beharrezko plan estrategikoak burutu eta gero, mundu zabalean hainbat lantoki zabaldu zituzten. Orain arte, Mexikon, Txekiar Errepublikan, Brasilen eta Italian kokatu ditu lantokiak. Laster batean, baina, 2004an hain justu, Txinan ere egoitza irekiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak