'Berdintasunera bidaia' ihes-gela eta 'Jo!' antzezlana asteburuan

Amaia Txintxurreta Guridi

'Jo!' antzezlaneko une bat.

Azaroaren 25aren bueltan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren ekintza-programaren barruan, bihar eta etzi ekintzak izango dira.

Zapatu arratsaldean, 8-10 urte bitarteko haurrendako eta familiendako berdintasunerako ihes-gela egongo da, Udalak antolatuta. Aurretik izena eman beharra zegoen parte hartzeko hemen, eta 45 minutuko txandatan egingo dute jarduera. Parte-hartzaileak tenplu misteriotsu batean sartuko dira, bertako enigmak argitzeko erronkari aurre egiteko asmotan. Talde-lana eta genero-berdintasuna izango dira misioa gainditzeko gakoak.

Iturzurik antolatuta, antzerkia

Domekan, berriz, Iturzuri Emakume Elkarteak antolatuta, Jo! antzezlana izango da kultura etxean, 19:00etan. Magma Mia konpainiak azterketa antropologiko bitxia egingo du lan horretan, Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabal aktoreekin. Sorkun eta Grego pertsonaiak aspaldiko lagunak dira, eta, ustekabean, berriro elkartuko dira. Kirola egiten duten bitartean, egoera zentzugabe bezain maitagarrien bidez, protagonistek beren istorioetan oinarritutako azterketa antropologiko berezia egingo dute. Sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak