Izaro Ezpeleta: "Txirrindularitza aukeratu nuen, eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin"

Amaia Txintxurreta Guridi

Izaro Ezpeleta txirrindulari aramaioarra.

Anaiaren lasterketak ikusita sartu zitzaion ziklismoarekiko grina Izaro Ezpeletari (Aramaio, 2010). Futbolaren ordez ziklismoa aukeratu zuen, eta Zizurkilgo Danena taldean izango da datorren denboraldian.

Izaro Ezpeleta, txirrindularitzarekiko zaletasunari buruz jardun da elkarrizketan.

Ziklista zaitugu, baina ezustean iritsi zinen ziklismora?

Bai, horrela da. Nire hasierako asmoa futbolean hastea zen, baina anaia txirrindularitzan hasi zen eta asteburuero lasterketak ikustera joaten ginen, eta beti etxera heldu, bizikleta hartu eta auzoan bueltak ematen nituen. Orduan hasi nintzen esaten txirrindularitzan izena eman nahi nuela, baina gurasoek esaten zidaten futbola edo txirrindularitza, bietako bat aukeratzeko. Erabakia ez zen erraza izan, baina txirrindularitza aukeratu nuen, eta horrela hasi nintzen.

Bien arteko aukeraketan, normalean, futbola irteten da garaile.

Egia da futbolean ere ez neukala izena eman behar zuen lagunik; orduan, ni bakarrik egoteko beldur hori-edo baneukan. Bizikletan, berriz, lagun batek ere izena eman zuen, eta errazagoa izan zen txirrindularitzan hastea. Aukeratu behar denean, lagunartean babes hori sentitzen duzu, eta errazagoa da.

Nolako ziklista zara?

Esango nuke eremu guztietan moldatzen naizela ondo. Izan ere, esprintetan emaitza onak lortu ditut, baina aldats gora ere ondo nabil, eta lasterketa gogorretan ere ondo moldatzen naiz. Nahiko konpletoa naizela uste dut.

Beti egoten da hobetzeko zerbait?

Bai; batez ere, erlojupeko probak hobetu behar ditut, eta igotzen-eta esango nuke badaukadala zer hobetu.

16 urte dituzu; badaramatzazu urte batzuk, baina oraindik asko gelditzen dira aurretik.

Bai, oraindik denbora asko daukat aurretik, eta gauza asko hobetzeko. Benjaminetan hasi nintzen, eta datorren denboraldian egingo dut gazte mailako lehenengo urtea. Urte batzuk badaramatzat, eta jarraitzeko asmoa daukat.

Gipuzkoako txapeldun zara, arabarra izanda; baduzu garaipen gustukoren bat?

Garaipen guztien oso oroitzapen politak dauzkat, baina lehenengoa aukeratuko nuke, Gipuzkoako Txapelketa. Ez nuen espero, eta haren oso oroitzapen ona daukat. Egia da Arabako Txapelketako emaitza ere polita izan zela, baina uste dut Gipuzkoakoaren oroitzapen politagoa daukadala.

Nola izan daiteke arabar bat Gipuzkoako txapeldun?

Aramaio Gipuzkoatik oso gertu dagoenez eta eskolara-eta Arrasatera joaten garenez, Aramaiokoak gipuzkoar moduan ere onartzen dira infantil mailara arte, eta, hala, Gipuzkoako txapelduna izan nintzen, arabarra izanda. Ez daude kasu asko, baina bateren bat egongo da. Kadete mailatik aurrera arabar moduan hartzen gaituzte, eta, hemendik aurrera, Arabako txapeldun bakarrik izan naiteke.

Gazte mailako lehenengo urtea egingo duzu datorren denboraldian, Zizurkilen, Bergarako Lokatza taldeko emakumeen taldea desagertu egin delako; horrek zure egunerokotasunean aldaketa ekarriko du?

Bai eta ez. Hemen entrenatuko naiz, entrenatzaile berarekin eta lehengo taldekideekin. Bergaran entrenatzen jarraituko dut, baina, batzuetan, Zizurkilera joan beharko dut, taldekideekin egoteko eta harremana egiteko. Lasterketetara joateko ere gauzak aldatu egingo dira, baina ez dut uste txarrerako izango denik, eta oso pozik hartzen dut.

Dena dela, Lokatzako emakumezkoen taldea desagertzea pena da, ala?

Bai, pena da. Guztiok oso pozik geunden, baina gauzak horrela izan dira. Eskerrak eman beharrean nago Lokatzari, eman digun guztiagatik, eta aurrera jarraitu beharra dago.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak