Goizeko 09:30ean hasi dute saioa, osoko bilkuren aretoan, eta 14:00ak arte aritu dira lanean, tartean atsedenaldi bat eginda. ITTEB proiektuaren bidez, Gorbeialdeko Klima, Energia eta Biodibertsitatearen Eskualde Plana garatzeko oinarriak jartzen ari dira. Prozesuaren xedea lurraldearen etorkizun energetikoari buruzko ikuspegi partekatua eraikitzea da: biodibertsitatea, paisaia, lurzoruaren erabilerak, tokiko jarduera ekonomikoa eta deskarbonizazio-beharrak aintzat hartuta.
Saioaren helburu nagusietako bat aurreko topaketan hasitako lurralde-azterketa osatzea izan dela jakinarazi du Aitor Urresti, EHUko ENEDI ikerketa taldeko ikerlariak. Horretarako, adituek lurraldearen sailkapenari buruz egindako lana oinarri hartuta, mapetara itzuli dira parte-hartzaileak, energia-proiektuak garatzeko egokiak izan daitezkeen eremuak identifikatzeko. Era berean, gune desberdinek izan ditzaketen baldintzak edo mugak aztertu dituztela zehaztu du Urrestik, naturaren eta lurraldearen balioak kontuan hartuta.
Herritarren ezagutza oinarrian
Parte-hartzea proiektuaren ardatzetako bat da. Ainhoa Rueda, Gorbeialdeko Kuadrilako parte-hartze teknikariaren arabera, herritarren ideiak, kezkak eta proposamenak jasotzea ezinbestekoa da eskualdearen etorkizun energetikoari buruzko hausnarketa osatzeko. Ezagutza teknikoa eta adituen lana bertako biztanleen esperientziarekin eta ezagutzarekin uztartu nahi dituzte. Urrestik gaineratu du jendearengana gerturatu nahi dutela, bertakoen ikuspegiak jasotzea "oso garrantzitsua" delako.