Maider Arregik irabazi du Aramaioko VII. Kopla Txapelketa

Julen Murua Mesonero

Haren neba Urko Arregiren aurka jokatu du txapelduna erabakitzeko buruz burukoa Maiderrek, umorez josita egon den txapelketan.

Aramaioko Bertso Eskolak antolatuta, Kopla Txapelketaren zazpigarren aldia egin dute egubakoitzean. Iraide Onaindia, Iñaki Viñaspre, Eneko Lazkoz, Andoni Egaña, Haira Aizpurua, Amaia Agirre, Urko Arregi eta Maider Arregi izan ziren parte hartzaileak, eta neba-arreben arteko buruz buruko finala jokatu eta gero, Maiderrek irabazi zuen txapelketa (hiru aldiz irabazi du dagoeneko).

Kalean egin zuten txapelketako lehenengo saioa, eta hasiera-hasieratik umoretik botatako bertsoak nagusitu ziren, ikus-entzuleen gozamenerako. Kaleko lehenengo koplen ostean Iturrieta sagardotegira joan dira eta, han bapo jan eta gero, txapelketaren bigarren saioa egin dute.

Urko Arregi ikus-entzuleen faborito

Sagardotegiko saioan ohiko ariketak egin eta gero, txapelketako bi bertsolari onenak buruz buruko finalera igaro dira: Maider Arregi eta Andoni Egaña. Orduan, baina, publikoak txapelketako bere bertsolari onenaren alde abestu du; Urko Arregiren alde, hain zuzen, eta Egañak buruz buruko bere tokia utzi dio Urkori, ikus-entzuleek hala eskatuta, finala neba-arreben artekoa izan zedin. Ofizioko ariketa bat eta kartzelako beste bat egin dute Maiderrek eta Urkok buruz burukoan, eta Maider gailendu da Aramaioko VII. kopla txapelketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak