Larrialdi Taldeak etxeko suteei aurre egiteko prestatu ditu herritarrak

Amaia Txintxurreta Guridi

Etxeko suteen aurkako neurriei buruzko formazioan, hainbat herritar, saioan esandakoak entzuten. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Formazio saio bat eman du Larrialdi Taldeak: alde batetik, tximiniak urtean behin garbitzearen garrantzia azpimarratu zuten; eta, bestetik, etxean suterik ez gertatzeko gakoak eman eta sua piztuz gero nola jokatu ere azaldu zuten.

Aramaioko Larrialdi Taldeak herritarrak larrialdi egoeretarako prestatzeko lanean jarraitzen du. Horren barruan, etxeko suteen prebentzioari eta tximinien mantentze egokiari buruzko formazioa egin zuten azaroaren 10ean, Aramaioko Udalaren laguntzarekin. Josu Sandin tximinietan adituak eta Larrialdi Taldeko kide Asier Castellano eta Ekaitz Abarrategi suhiltzaileek hartu zuten parte saioan. 30 bat lagun izan ziren, eta hainbat galdera egiteko aukera izan zuten herritarrek. Castellanok azaldu duenez, larrialdi bat gertatzen denean anbulantziak eta suhiltzaileak herrira iritsi arte ordu erdi inguru igaro daiteke; horregatik, haien asmoa da herritarrek lehen esku-hartzea egiteko behar duten jakintza izatea, profesionalak iritsi aurretik.

Suteen prestakuntza

Hitzaldiaren zati bat tximinien mantentze-lanari eskaini zioten. Josu Sandin tximinia-garbitzaileak gutxienez urtean behin garbitzearen garrantzia azaldu zuen, eta tximinietara egur lehorra eta kalitate onekoa bakarrik botatzea gomendatu zuen. Plastikoak eta kartoiak botatzeak tximinia gehiago zikintzea eragiten du, eta, ondorioz, sute arriskua handitu egiten du.

Tximiniak garbitzeko garairik egokiena ere aipatu zuten: berogailu denboraldia amaitzen denetik hurrengoa hasi artekoa; hau da, apiriletik edo maiatzetik, irailera edo urrira bitartekoa. Castellanok azaldu duenez, askotan ez da ohitura izaten tximiniak urtero garbitzea, eta hori da saihestu beharreko akats nagusietako bat.

Etxeko ohiturak zaintzea

Suhiltzaileek, bestalde, edozein etxetan gerta daitezkeen suteak saihesteko hainbat gomendio eman zituzten. Besteak beste, arropa lehorgailuak sutatik gertu ez jartzea, mugikorrak sofa gainean ez kargatzea eta entxufeak askorik ez kargatzea. Izan ere, entxufe bakar batean hainbat aparatu konektatzeak arriskua sor dezake. Sutea piztuz gero, berriz, garrantzitsua da sua dagoen gelako ateak eta leihoak ixtea, sua ahalik eta gehien konfinatzeko. Ondoren, etxetik irten behar da, ateak itxita utzita. Horrekin batera, etxean su-itzalgailuak eta ke-detektagailuak edukitzearen garrantzia nabarmendu zuten.

Auzoz auzoko bisitak

Larrialdi Taldeak, lehen fasean, Aramaioko auzo guztietan egin ditu prestakuntza-saioak. Hain zuzen, auzo bakoitzeko ureztatze-ahoak eta ur-harguneak lokalizatu eta identifikatu, haien egoera egiaztatu, suteen aurkako materialaren inbentarioa osatu eta baliabide horiek behar bezala erabiltzen erakutsi diete auzotarrei. Horrez gain, larrialdi egoera baten aurrean nola jokatu azaldu eta auzotarrak prestatzea ere izan da egitasmoaren helburu nagusietako bat. Ekimenak harrera ona izan du, eta herritar ugari batu dira saioetan. Uztailean hasi ziren, Arraga eta Gantzaga auzoetan, eta azkenak urri hasieran egin zituzten, Ibarran eta Etxaguenen.

Lehen sorospenak, hurrengo pausoa

Aurrera begira, prestakuntzaren hurrengo fasea lehen sorospenetan eta osasun larrialdietan zentratuko da. Taldeko medikuaren eta erizainaren laguntzarekin, desfibriladorea erabiltzen ikasteko saioak eta lehen sorospenetako ikastaroak antolatu nahi dituzte. Horrela, herritarrak hainbat larrialdi motari aurre egiteko prestatzen jarraituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak