Zazpi urte hauetan, askotariko profilak dituzten bertsolariak ekartzen saiatu da antolakuntza, baita herriko bertsolariendako lekutxo bat gordetzen ere. Hala, aurten Iraide Oinandia izango da Aramaioko ordezkaria Kopla Txapelketan. "Maila handia izango da, urtero bezala. Oso bertsolari onak datoz gurera; kopla ederrekin gozatuko dugu", esan du antolakuntzako kide Sabin Abarrategik.
Bi bertso saio
Bi saio izango ditu txapelketak; lehenengoa 19:30ean hasiko da, kalean. Zortzi bertsolariak bi taldetan ariko dira kantuan; lehenengo taldea Goiko tabernaren parean ariko da, eta bigarren taldea, Herriko Plazan. Ondoren, 20:30ean, Iturrieta sagardotegira joango dira, afaltzera, eta afalostean ekingo diote bigarren faseari. Han ere zortziek jardungo dute, musikariek lagunduta, eta bi saioetan jasotako puntuazioaren araberako bi bertsolari onenak txapelduna nor izango den erabakiko duen buruz burukora pasatuko dira. "Beti izan ditugu bi saio: behekoa eta goikoa. Beheko saioa herrian izaten da, eta goiko saioa bertso saio tradizionalago batekin lotzen dugu; afalosteko giroan egiten dena", dio Abarrategik.
Afarirako sarrera guztiak agortuta daude, baina afalosteko saiora edonor joan daiteke
Afarirako sarrera guztiak duela aste batzuetatik agortuta daude, eta, Abarrategiren arabera, Kopla Txapelketak Aramaion duen arrakastaren seinale da hori: "Azkenengo urteetan oso ondo joan da Kopla Txapelketa, eta inork ez du galdu nahi. Jendearen atzetik ibili beharrean, jendea ibiltzen da gure atzetik, oraindik sarrerarik ba ote dagoen galdezka; bizigarritasun zantzu handia da hori. Nolanahi ere, afalosteko bertsoak entzun gura duen norbait badago, eta, arantzarekin gelditu bada, arazorik gabe etorri daiteke".
Zaletasunaren erakusgarri
Gelditzeko etorri da Kopla Txapelketa, eta horrelako ekimenek Aramaion errotua dagoen bertso zaletasuna indartzen laguntzen dutela uste du Abarrategik: "Nire ustez, eskutik doazen gauzak dira. Bertsolaritzaz gozatzen duen hainbeste pertsona izateak bertso munduko zirkuitu horretan dabilen jendea egotea dakar. Horren erakusle da Aramaioko Kopla Txapelketaren zazpigarren edizioa dela jada". Hala ere, txapelketa ez dago bertso munduan murgilduta dagoen jendearentzat bakarrik pentsatua. "Koplak oso formatu entzungarri eta gozagarria dira, eta horregatik egiten dugu kalean kantatzera irteteko apustua. Goiko plazak mugatuak izaten dira, eta, horrela, jende gehiago batu daiteke Kopla Txapelketako festara", amaitu du Abarrategik.