Nola hasi zinen margogintzan?
Umetatik datorkit zaletasuna. Lehen Hezkuntzan arte akademia batean sartu nintzen, eta hainbat urtez askotariko teknikak garatu nituen bertan.
Zein izan da zeure ibilbidea Harien isla lanaren aurretik?
Nahiko aldizkakoa izan da. Harien isla izan da proiekturik handiena. Aurretik, eskari batzuk egin izan ditut: diseinuak, marrazkiak, Gabonetako postalak... Eskaera horien arabera egin dut lan. Durangoko Azokako bekari esker, orain arteko lan serioena egin ahal izan dut.
Horrelako beka batek zer-nolako aukerak zabaldu diezazkizue euskal artistei?
Laguntza handia da. Horrelako beka batek, alde batetik, laguntza ekonomikoa eman diezazuke; margogintzari denbora gehiago eskaintzera bultzatzen zaitu horrek, baita baliabide materialak erosteko aukera eman ere. Bestetik, Durangoko Azokan lana aurkezteko aukera izatea; Euskal Herri osoko artistak batzen dira azoka horren bueltan, eta, hain zuzen ere, esposizio handia da.
Euskara jendea da Harien isla erakusketaren gaia. Zergatik gai hori?
Beka deialdian proposatuko gaia da. Gaia ikusi nuenean, interesgarria iruditu zitzaidan, eta proiektu polit bat egin nezakeela pentsatu nuen. Proiektuan hiru kontu txirikordatu ditut. Lehenik eta behin, euskara bera hizkuntza bezala agertzen da proiektuan; idatzizko letra asko dituzte lanek. Bigarrenik, hainbat ideia ekartzen ahalegindu naiz. Esaterako, euskararen zapalkuntza egoera eta euskarak hizkuntza minorizatu bezala duen egoera, baina, aldi berean, euskalgintzari aitortza eginez. Hirugarrenik, hizkuntzarekiko dugun jarreren inguruko autokritika egiteko espazio bat ere badago. Izan ere, jarrera batzuek ez dute jendea euskara ikasteko pausoa ematera animatzen.

Nolakoa izan da gai abstraktu bat, hizkuntza, margoz islatzeko prozesua?
Ideiaz ideia joan naiz. Durangoko Azokaren sormen bekara aurkezteko proiektu bat idatzi behar izan nuen, eta margolanei laguntzeko testu bat idatzi ere bai. Niri asko laguntzen dit idazteak eta ideiak idatziz garatzeak, gero hori guztia margoetara eraman ahal izateko. Guztiak ez, baina egia da irudi gehienak ere nahiko abstraktuak direla; gaia bera ere hala delako. Koloreekin jolastu naiz ideiak margoetara eramateko; zapalkuntza irudikatzeko kolore ilunak erabili ditut, eta euskalgintzarekin lotutako kontuak, aldiz, kolore alai eta biziekin irudikatu ditut.
Zein hausnarketa sustatu nahiko zenuke margoekin?
Gutxienez, galdera batzuen aurrean jendea parez pare jartzea nahiko nuke. Horretarako, bisita gidatuak egongo dira; etorri nahi dutenekin elkarrizketan gehiago sakontzeko. Horrez gain, proiektuaren izenak dioen moduan, ispiluaren isla bilatu dut; erakusketan ispiluak daude, eta galdera batzuk dituzte. Euskararen egoeraren inguruan eta euskarekiko ditugun jarreren inguruan publikoak hausnartzeko galderak dira. Horrelako hausnarketa bat irtengo balitz, pozik geldituko nintzateke.
Bisita gidatuak aipatu dituzu. Zeu bertan egongo zara, ezta?
Bai, hala da. Bi bisita gidatu egingo ditugu. Bata, gaur, osteguna izango da 18:30ean, eta bestea larunbatean egingo dugu, 12:30ean.
Baduzu beste proiekturik buruan?
Bai, baditut ideiak buruan, baina oraindik ez naiz horiei forma ematen hasi. Harien isla-n bezala, tamaina handiko koadroekin jarraitzea gustatuko litzaidake etorkizunera begira.