Guztira, hamaika ordenantza fiskal berrikusi eta eguneratu ditu Udalak. Asier Agirre alkateak azaldu duenez, helburua izan da prezioak eguneratzea eta araudiak indarrean dagoen legeriara egokitzea. Bizitzaren garestitzea eta KPIaren %3 inguruko igoera kontuan hartuta, %2,5eko igoera aplikatzea erabaki dute. Hala ere, Foru Aldundiak araututako zenbait tasa ez dituzte aldatu. Kiroldegiko prezio publikoak ere bere horretan mantenduko dituzte.
Egonaldi turistikoen zerga
Bestalde, egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzeko ordenantza onartu dute. Udalak %100eko hobaria ezarri nahi zuen, baina legeak ezarritako baldintzak ez ditu betetzen Aramaiok. Herriak sei ostatu-plaza ditu, baina intentsitate turistikoa %1etik gorakoa da, %3koa gutxi gorabehera. Horrenbestez, legeak ahalbidetzen dituen gutxieneko tarifak ezarri dituzte: Airbnb eta antzeko ostatuetan, 4,5 euro pertsonako eta gaueko; landetxeetan eta nekazaritza-turismoetan, berriz, 0,50 eta 0,75 euro arteko tarifak.
Hilerri zerbitzua
Hilerriaren zerbitzua ere arautu dute, bai funtzionamenduari dagokionez, bai tasen aldetik. Ordenantza zaharkituta zegoen, eta kolunbarioak jasotzeko beharra zegoen, errausketa gero eta ohikoagoa delako. Hilobiratzeen tasak %2,5 igoko dituzte. Kolunbario berri bat hamar urterako erabiltzeak 250 euroko kostua izango du, eta beste hamar urtez berritzeak, 175 eurokoa.
Uraren ordenantzan, isunak
Uraren ordenantza ere berrikusi dute. Batetik, kontagailu elektronikoen erabilera arautu dute; Barajueneko eta Suñako obretan hasiko dira horiek instalatzen. Batetik, ikusi dutelako beste herri batzuetan "eraginkorragoak" direla, eta bestetik, orain ez bezala, gero epe laburragoan egin ahal izango direlako fakturazioak kontagailu elektronikoekin. Horrez gain, hiru isun-maila ezarri dituzte ura modu desegokian erabiltzen dutenentzat, Udalak erabilera-murrizketak agintzen dituenean. Hauxe esan du Asier Agirre alkateak: "Aurten ere ur-mozketarik egin gabe zerbitzua mantentzea lortu dugu, baina norbaitek debekuak ezarrita daudenean ura modu desegokian erabiltzen badu, igerilekuak betetzeko, esaterako, isunak aplikatuko ditugu".
Beste batzuk
Azkenik, 5/2026 kreditu-aldaketa ere onartu zuten. Eskolako biomasa-galdararen instalazioaren bigarren fasea aztertzeko partida bat aurreikusi dute. Proiektu horren bidez, udaletxera biomasa-berokuntza eramateko linea bat egitea aztertuko dute, eta dirulaguntza batera aurkeztuko dira.