Aisialdian euskara kalera ateratzeko, Mintzalagun taldeen jarraipena bermatu gura dute

Amaia Txintxurreta Guridi

Gurasolagun taldea, Zigoitiara egindako irteera bateko argazkian. (Argazkia: Gurasolagun).

Iazko ikasturtean Mintzalagunen bi talde sortu ziren Aramaion eta horiek mantentzea dute helburu oraingoan. Izen-ematea zabalik dago eta martitzenetan 19:00etan elkartzen dira.

Euskaraz hitz egiteko eta harreman berriak egiteko Mintzalagun egitasmoan izen-ematea zabalik dago. Aramaion, iaz 12 lagunek hartu zuten parte, eta aurten kopuru horri eustea da koordinatzaileen helburua.

Pandemiaren ondorioz eten egin zen Aramaion Mintzalagun egitasmoa, baina iazko ikasturtean berriro jarri zuten martxan. Unai Viana Gorbeialdeko Mintzalagun programaren koordinatzaileak azaldu duenez, euskara maila desberdina zuten 12 lagunek eman zuten izena. Esperientzia positiboa izan zen, eta aurten ere orduan sortutako bi taldeei jarraipena ematea dute helburu. 

Horietako talde batean euskara maila altuagoa dutenak daude, eta bestean, baxuagoagokoak. Baina Aramaion boluntarioak daude eta erraza izan zen bi talde horiek sortzea eta berehala martxan jartzea. 

Bi taldeak martitzenetan elkartzen dira, 19:00etan, jubilatuen egoitzan. Maila apalena duen taldea bertan aritzen da normalean; beste taldeak, berriz, egunean bertan erabakitzen du zer egin: tabernara joan, paseatu edo egoitzan geratu.

Boluntarioen garrantzia

Vianak nabarmendu du Aramaion iaz zorte handia izan zutela bidelagun izateko prest zeuden boluntarioekin. Izan ere, Gorbeialdeko beste herri batzuetan zailagoa da taldeak osatzea, askotan euskaraz hitz egiteko laguntza behar dutenen kopurua handiagoa delako prest dauden bidelagunena baino.

Aurten, beraz, iazko esperientziari eustea da koordinatzailearen nahia eta izen-ematea zabalik dago ikasturtean zehar, eta interesa duenak edozein unetan eman dezake izena. Talderen batean sartzen saiatuko dira, edo, beharrezkoa bada, talde berri bat osatzen.

Interesatuek gorbeialdea@taupamugimendua.eus helbidera idatz dezakete.

"Animatu daitezela. Azkenean, aisialdian euskara kalera ateratzeko egitasmoa da: ikasteaz gain, harreman berriak egiten ditugu eta oso ondo pasatzen dugu. Gure kaleak euskaldunagoak izateko pauso bat da. Frogatzen ez duenak ez daki zer den hau. Doakoa da probatzea", azaldu du Vianak.

Gurasolagun ere martxan

Gorbeialdeko Gurasolagun egitasmoan ere parte hartzen dute Aramaioko hainbat gurasok. Joan den zapatuan egin zuten ikasturteko lehen irteera, Aramaion bertan. Eguraldi euritsuaren ondorioz, ordea, ez zen jende asko animatu.

Familientzako online saioak

Bestalde, Gorbeialdeko Kuadrillak seme-alabei euskararen erabileran laguntzeko bi online saio antolatu ditu. Euskarazko saioa urriaren 27an izango da, etxean euskararen erabilera sustatzeko ideia eta baliabide praktikoak lantzeko. Gaztelaniazkoa, berriz, urriaren 29an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak