Aramaio Lagunkoia taldeak azken hilabetetako ekimenen balantzea egin du, eta datozen hilabetetarako lan-ildoak aztertu ditu, urtero Euskadiko Lagunkoiako ordezkari batekin egiten duten bileran.
Berdintasun zinegotzi eta Aramaioko Lagunkoia taldeko kide den Monika Landaluzek azaldu duenez, bederatzi lagun elkartzen dira hilero, hainbat gai lantzeko: irteerak antolatu, Udalari egin beharreko eskaerak aztertu eta herria adinekoentzat lagunkoiagoa egiteko proposamenak lantzeko, besteak beste. Eta taldearen balioa nabarmendu du: "Adin desberdinetako jendea elkartzen gara; bai antolakuntza bileretan eta baita, esaterako, egiten ditugun ibilaldietan ere. Aukera politak izaten dira egunerokoan horrenbeste hitz egiten ez dugun jendearekin egoteko eta hitz egiteko", adierazi du.
Askotariko ekintzak
Orain arte egindako ekimenen artean, ibilaldi osasungarriak nabarmendu dituzte. Hilean behin antolatzen dituzte, eta 10 eta 15 lagun artean elkartzen dira. Larrialdiei aurre egiteko, auzoz auzo antolatuta daudela ere azaldu zuten bileran, Aramaion sortuta Larrialdi Taldearen bidez.
Zaintza ere izan zuten hizpide, bereziki laguntza gehiago behar denean norbere etxean eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitzeko dauden aukerei buruz. Aramaioko Lagunkoia taldearen ustez, adinekoek ahalik eta luzaroen beren etxean eta herrian bizitzen jarraitzeko baldintzak sustatu behar dira. Hori posible ez denean ere, gertuko baliabideak izan beharko lituzkete, eguneroko bizimoduari, harremanei eta herriarekiko loturari eusteko. Kezka horri erantzuteko gainera, taldeak Arabako Foru Aldundiari zuzendutako eskaera babesteko idatzi bat prestatu du. Bertan, herriko biztanleriaren bilakaera eta zahartze-prozesua jaso dituzte. Helburua da etorkizuneko beharrei aurrea hartzea.
Herriko baliabideen elkarlana
Datozen hilabetetan, herrian martxan dauden ekimenen eta baliabideen arteko elkarlana sendotzea izango dute helburu. Horietako bat Farmazia Lagunkoia ekimena da. Arlo horretan urrats praktikoak egin eta beste herri batzuetako esperientziak ezagutu nahi dituzte. Horretarako, Alegria-Dulantzin egindako lana aztertzea proposatu dute.
Bestalde, Mugiment ekimena ere martxan jartzekoa da. Herritarrei orientazioa emango dien pertsona bat izatea aurreikusten da, herrian jarduera fisikoa egiteko dauden aukerak eta baliabideak ezagutarazteko.
Horrela, herriko beharrak identifikatzen eta erantzunak elkarrekin lantzen jarraitu nahi du, herritarren parte-hartzea eta komunitatearen arteko harremanak oinarri hartuta. Helburua da adinekoek beren ingurunean bizitzen jarraitzeko aukerak indartzea eta adin guztietako herritarrentzat geroz eta herri lagunkoiagoa izatea.