Haur txikienei ere aisialdirako aukera ematea da erabakiaren helburua, bereziki neguko hilabeteetan. Izan ere, azken urteotan Aramaion haur kopurua gutxitzen ari da, eta horrek ludotekako erabiltzaile kopuruan ere izan du eragina. Gainera, eguraldi txarrak aire librean jolasteko aukerak murrizten ditu urteko sasoi honetan.
Ludoteka kudeatzen duen Alaiki enpresako Nerea Marinek azaldu duenez, Haur Eskolako 0 eta 2 urte arteko haurrek ludotekan sartzeko aukera aurreko urteetan ere planteatu izan dute, baina orain arte ez da proposamen zehatzik gauzatu. Oraingoan, adin tartea zabaltzea erabaki dute, herriko haur txikienei ere jolasgune hori erabiltzeko aukera emateko.
Erabiltzaileen eskaeretara egokituz
Ludotekaren eskaintza urtez urte erabiltzaileen beharretara eta eskaeretara egokitzen ari direla azaldu dute arduradunek. Adin tartea zabaltzearekin, ludoteka herriko haur gehiagorentzat eskuragarri dagoen topagune eta jolasgune bihurtu nahi dute.
Astelehenetik egubakoitzera, bi txanda
Ludoteka astelehenetik egubakoitzera egoten da zabalik, bi txandatan: lehenengoa, 16:15etik 17:45era, eta bigarrena, 17:45etik 19:15era.
Lehen txandan, adin tarte desberdinetako haurrek hartzen dute parte asteko egunaren arabera. Astelehenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan HH2tik HH5era arteko haurrentzat dago pentsatuta; martitzenetan eta eguenetan, berriz, LH1etik LH6ra arteko ikasleentzat. Bigarren txanda, 17:45etik 19:15era, haur guztientzat da.