'Hutsune handi bat' dokumentala emango dute domekan

Amaia Txintxurreta Guridi

Dokumentalaren estreinaldiko solasaldian. (Argazkia: Asier Zaldua).

Heroinak eta hiesak 80ko hamarkadan sortu zuten minaren memoria dokumental batean jaso du Alex Areizaga zuzendariak eta horren proiekzioa izango da domekan kultura etxean, 19:00etan.

Ikusiz Gozatu taldeak aurreko asteburuan hasi zuen 2026-2027ko proiekzio denboraldia, eta etzi, domeka, Hutsune handi bat dokumentala proiektatuko du kultura etxean, 19:00etan.

Heroinak eta hiesak Euskal Herriko hainbat herritan utzitako zauriak eta hutsuneak ditu hizpide ikus-entzunezkoak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute.

Abiapuntua

Alex Areizagak zuzendutako dokumentalak Urretxun eta Zumarragan jartzen du arreta, 80ko hamarkadan heroinaren eta, bereziki, hiesaren ondorioz hildako gazteen istorioetan. Egileen ikerketen arabera, bi herri haietan 115 gaztetik gora hil ziren arrazoi horien ondorioz. Haien bizipenak eta bizirik geratu zirenen sentimenduak jasotzen ditu lanak, "urte luzez isiltasunak ezkutatutako zauriei begiratzeko".

Dokumentalaren abiapuntua Anne Zufiaur da. Familiaren barruan bizitako hutsunetik abiatuta, garai hartan gertatutakoaz gehiago jakiteko egindako bidea jasotzen du ikus-entzunezkoak. Hamalau elkarrizketak osatzen dute lanaren bizkarrezurra, garaiko egunkarietako albisteekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Bilboko irudiekin batera.

'Yonki' hitza

Areizagaren arabera, dokumentala egiteko ideia ez zen egun batetik bestera sortu. Zuzendariak azaldu duenez, urteak zeramatzaten gaiari heltzeko beharra ikusten, eta Zufiaurrek egindako gradu amaierako lanak bidea eman zien proiektua zehazten hasteko. Laguna izateaz gain, Zufiaurrek gertutik bizi izan du egoera hori bere familian.

"Gurea ere herri txikia denez, zergatik ez heldu gaiari modu profesionalagoan?", azaldu du zuzendariak. Hala, duela zortzi urte ekin zioten lanari, ordura arte gutxi landutako errealitate bati ikuspegi zabalago batetik heltzeko asmoz.

Areizagaren hitzetan, dokumentala egiteko arrazoi nagusietako bat garai hartan drogazaleen inguruan zegoen irudia berrikusteko beharra izan zen. "Iruditzen zitzaigun yonki hitzaren atzean injustizia bat zegoela". Azaldu duenez, hitz horrek gizartean porrot egin zuen pertsona baten irudia ekartzen zuen gogora, eta horren atzean pertsonak eta haien bizipenak zeudela gogorarazi nahi du.

Horregatik, dokumentalaren helburua ez da heroinaren kontsumoan aritu zirenen istorioak kontatzea soilik, garai hartan gertatutako guztia ulertzea baizik. "Humanizatzeko behar bat zegoela uste genuen", adierazi du Areizagak.

Hamalau protagonista

Dokumentala osatzeko, hamalau pertsonaren testigantzak jaso dituzte. Egileen asmoa ahalik eta ikuspegi zabalena biltzea izan zen, baina ez zen erraza izan. Areizagak azaldu duenez, ate asko jo zituzten, eta pertsona askok ez zuten kameraren aurrean hitz egin nahi izan, bizitakoa berriro gogoratzea mingarriegia zelako.

Hala ere, zuzendariaren arabera, dokumentalaren esperientzia positiboa izan da: "Gerora ikusi dugu terapia izugarria izan dela", esan du. Eta gaineratu du proiektuak agerian utzi duela gaiari buruz hitz egiteko beharra dagoela.

Jasotako ahotsak askotarikoak dira. Heroinaren kontsumoan aritu ziren pertsonak, haien senideak eta lagunak ageri dira, baita garai hartan egoera hura gertutik ezagutu zuten profesionalak ere. Mediku baten lekukotasuna ere bildu dute, esaterako. Gipuzkoan hiesaren inguruko arreta lantzen hasi zen mediku horrek Donostiako Ospitalean gaur egun Gaixotasun Infekziosoen Unitatea den gunea abian jartzen lagundu zuen. Eta langile sozial baten testigantza ere jaso dute; dokumentalean agertzen den emakume bakarra da. Areizagak azaldu duenez, emakumeek gai horren inguruan bizitako estigmak eta erreparoak eragina izan dute beren testigantzak jasotzeko orduan ere.

Memoria berreskuratzea

Dokumentala Urretxun eta Zumarragan egin bada ere, egileen ustez Euskal Herriko beste hainbat tokitara ere hedatzen da errealitatea.

Horregatik, lanaren helburua ez da errudunak bilatzea, "urte luzez ahaztuta edo baztertuta geratu diren pertsonen memoria berreskuratzea baizik", dio Areizagak.

Hain zuzen, gaiari buruz hausnartzeko eta gogoeta egiteko aukera egongo da domekan, proiekzioaren ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak