Atzo egindako ezohiko osoko bilkuran Suñako urbanizazio-obrak kontratatzeko espedientea onartu zuten EH Bilduren aldeko bost botorekin –EAJko ordezkaririk ez zen izan ez ohiko bilkuran–.
Prozesua martxan
Kontratuaren lizitazio aurrekontua 1.178.631 eurokoa da, baina BEZa kenduta, uraren eta saneamenduaren arloetako zenbait lanetan, kostua 1.061.942 eurokoa izango dela aurreikusi dute. Obrak urtebeteko iraupena izango du eta aurreikuspenen arabera, Gabon inguruan esleitu ahal izango dute kontratua.
Martitzenean onartutako espedientea eta dokumentazioa kontratazio plataformara igotzen dutenean, enpresek euren proposamenak aurkezteko 20 eguneko epea izango dute. Proiektuak dagoeneko badu finantzaketa bideratuta: Erein programaren dirulaguntza, batetik, eta bestetik, Foru Planekoa. Azken horrek aurrekontuaren %56 hartuko du bere gain; Erein programatik, berriz, 300.000 euro inguru jasotzea aurreikusten dute.
Hainbat lan
Ur hornidurako lineak berritzea eta saneamendu sarea egokitzea daude lan nagusien artean. Asier Agirre alkatearen arabera, azpiegitura horietako gehienek 30 urte baino gehiago dituzte, eta uraren linea guztiak berritu beharko dituzte. Saneamendu sarearen zati bat mantendu ahal izango dute, egoera onean dagoelako, baina gainerakoa berritu egingo dute.
Horrez gain, auzoko urbanizazioa eta zoladura berrituko dituzte, eta lur azpiko kableatuetarako eta zuntz optikorako azpiegitura ere prestatuko dute. Gainera, gaur egungo auzoko hobi septikoa kendu eta hondakin-urak tratatzeko araztegi txiki bat jarriko dute.
Alkateak adierazi duenez, Barajuengo auzoan egindakoen antzeko lanak izango dira Suñakoak: "Auzo moduan esan dezagun eraberritzeko obrak egiteko falta zitzaion azken auzoa dela Suña. Orain gelditzen dira bestelako lan batzuk egitea auzoetan, baina auzo moduan Barajuenen egin dira azken lanak eta orain Suñarekin hasiko gara".
Aspaldiko proiektua
Udalak azaldu du Suñako proiektua 2021etik dagoela mahai gainean, eta denbora behar izan dutela aurrera ateratzeko. Auzoa berritzeko lanak egiteko falta zen azkena zen, Barajuenekin batera, azken fase honetan. Orain, auzoetako azpiegiturak berritzeko lan nagusiak amaituta, baserri sakabanatuetako beharrak aztertzen ari da Udala.
Izan ere, oraindik badira egin beharreko lanak, esaterako, Untzillako baserri batzuetara iristeko bideetan. Udalaren arabera, zailagoa da halako lanetarako dirulaguntzak lortzea, laguntzen baremazioan biztanle kopuruak eta azpiegituren erabiltzaile kopuruak eragina dutelako. Hala ere, beharrak aztertu, proiektu txikiak prestatu eta horiek gauzatzeko finantzaketa lortzen saiatuko dira.