10 tantotara jokatzen diren bi set irabazi behar dira Arabako buruz burukoan partida irabazteko (berdinketaren kasuan 5 tantotara jokatzen da azkenengo seta), eta hori egitetik urruti egon da gaurkoan Asier del Campo; izan ere, Xabier Iribarren gasteiztarra nagusi izan da partida hasieratik bukaerara arte. 10-0 irabazi dio lehenengo seta Del Campori eta sakez egin dio min handiena. Aramaioarrak ez du izan aukera handirik haren jokaldiak sortzeko, eta bigarren seta irabaztean jarri ditu indar guztiak. Ez du batere ondo hasi bigarren seta (7-0 galtzen joan da), baina lortu du suspertzea eta markagailua iraultzetik gertu ibili da; izan ere, sei tanto jarraian egin eta markagailuko tartea tanto bakarrera laburtu du Del Campok. Hala ere, momentu erabakigarrenean gasteiztarra ibili da finen, eta lortu du partida erabakitzea.
Binakakoa begiz jota
"Txapelketa ona" izan da Del Camporentzat txapela janztea lortu ez badu ere. Orain, datozen asteetan hasiko den Arabako binakako txapelketa du begiz jota aramaioarrak, eta herrikide batekin osatuko du bikotea: Markel Arriolabengoarekin, hain zuzen ere. Aramaioko Pilota Elkarteko presidente eta pilotariaren aita den Alfonso del Campok adierazi du "bikote sendoa" osatzen dutela Del Campok eta Arriolabengoak, eta "iaz eman zuten maila ona" errepikatzea izango dela helburu nagusia.