Zer moduz moldatu zara Anbotoko kilometro bertikalean?
Txindokikoa egin ez nuenez, Euskal Kopa irabazteko beharrezko puntuak zeuden jokoan Anboton. Pozik nago Euskal Kopa irabazita, denboraldi osoko erregulartasuna saritzen baitu. Anbotoko bertikalari dagokionez, ilusio berezia egin dit irabazteak; etxetik gertu dago eta askotan igo dudan mendia da. Aurkariak ikusita, banekien gauzak ondo egin beharko nituela. Aitor Ajuria, 20 segundora, nire atzetik abiatu zen, eta harekin egin nituen lehenengo bi kilometroak. Handik aurrera, indartsu sentitu nintzen eta erritmoa aldatu nuen. Gorputzak ondo erantzun zuen, eta oso marka ona egitea lortu nuen.
Kanpotik ikusita, nahi bezala ibili zarela ematen du.
Egia da emaitza politak lortu ditudala, baina ez da erraza izaten, eta maila handiko aurkariak egon dira. Neguko denboraldia exijentea izan zen, eta udan karga askorik ez sartzea izan da asmoa. Helburua izan da neure burua lehiaketan probatu eta prestakuntza nola joan den ikustea, eta, egia esan, oso pozik nago, urte osoko lanak bere fruituak eman dituelako.
Inflexio puntua izan al da Suitzan egindako lasterketa?
Hasiera batean, ez zegoen nire egutegian, eta ilusio handia egin zidan euskal selekzioa ordezkatzeko deitu zidatenean. Ez zen inflexio puntua izan, banekielako zein denbora egiteko gai nintzen; postuak harritu ninduen, baina denborak ez. Gainera, esango nuke eguraldia eta ibilbideko obrak tarteko ez zela nire egunik onena izan. Raos-ekin lehen denboraldia zer moduz joan da? Ilusio eta indar handiz jaio den proiektua da. Hasieratik eman didate konfiantza eta babesa; batik bat, Amaia eta Oscarrek: ahal izan duten guztietan izan dira niri laguntzeko prest.
Mendiko-eskiko denboraldira begira, finkatu al dituzu helburuak?
Negura begira, prestakuntza fintzen joateko garaia dut orain. Mendiko lasterketek prestakuntza fisiko aldetik beste puntu bat lortzen lagundu didate, lanketa horretan buru-belarri jarraitzeko. Iazko denboraldian egindakoarekin gustura gelditu nintzen, Espainiako Kopan lortutako bigarren postuak, diziplina denetan erregulartasun handia izan nuela erakusten duelako. Hala ere, diziplinetako batean goia-jo ez izanaren arantza gelditu zitzaidan. Aurtengo neguko sasoiari begira, beraz, diziplinetako batean garaipenaren borrokan ibiltzea da helburua, batik bat, esprinteko modalitatean. Izan ere, diziplina olinpiko bihurtu da eta Oriol Cardonaren urrezko dominarekin azken urteetan indar handia hartu duena. Oso proba azkarra da; lau edo hiru minutuko esfortzuak pilatzen dira eta lasterketa ikusgarria da. Hori lantzen ari naiz, bertikalak eta bestelako lasterketak ahaztu gabe.