Aramaioko Kaleko Margo Lehiaketaren 35. aldia izango da astelehenean

Koldo Zubia Salas

Oliver Jurado, Paule Avila eta Iñaki Nafarrete izan ziren iazko hiru irabazleak. 

Aramaioko kaleko margo lehiaketaren 35. edizioa izango da astelehenean, urriak 12, Sastiñan. Tradizio handia du lehiaketak; garai batean herriko kultur eragileek antolatzen zuten eta gaur egun Udalak bere gain hartzen du antolakuntza.

Herria bera izaten da margo lehiaketako ardatz nagusia, eta aramaioarren parte-hartzeak mantendu du orain arte hitzordua bizirik. "35 urteek erakusten dute Aramaion badagoela pinturarekiko gogoa eta zaletasuna", azaldu du Libe Ramila Kultura zinegotziak.

Hiru kategoria

Alde batetik, eguneko lanak sarituko dituzten bi kategoria izango dira astelehenean: 16 urtetik beherakoena eta 16 urtetik gorakoena. Bi kategorietako parte hartzaileen euskarriak Sastiñan, Bizente Goikoetxea plazan, zigilatuko dira lehiaketaren egunean, 08:30etik eta 10:30era bitartean, eta margolanak Aramaioko udaletxean –sinatu gabe– aurkeztu beharko dira egunean bertan, 13:30ak arte. 16 urtetik gorakoen kategoriako irabazleak 300 euroko saria jasoko du, bigarren sailkatuak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro; aramaioar onenak 150 euroko saria jasoko du. 16 urtetik beherakoek, hurrenez hurren, 150 euro, 100 euro eta 50 euroko txartelak jasoko dituzte, pintura-materiala erosteko. "Iaz, aldaketak egin genituen eta parte-hartzean beherakada nabaritu genuen. Haurren kasuan, part-hartze zabala izaten da, baina helduak, eta, batez ere, aramaioarrak gonbidatzen ditugu margo lehiaketan parte hartzera", adierazi du Ramilak.

Bestalde, epe luzeko lanen kategoria ere errepikatuko dute aurten. Iaz antolatu zuten estreinakoz eta zazpi pertsonak eman zuten izena. Aurten, baina, beherakada nabarmena izan da lehiaketa horretan, eta pertsona bakarrak eman du izena. "Ez gara apustuaz damutzen. Egun bateko lehiaketa horretan jendea dagoela iruditzen zaigu. Epe motzegia da ondorioak ateratzeko, eta datorren urtean berriro ere saiakera egingo dugu", dio Kultura zinegotziak. Epaimahaiaren erabakia lehiaketaren egunean jakinaraziko da, Sastiñan bertan, 15:00etan, eta orduan banatuko dituzte sariak

Sastiñan lanak ikusgai

Urriaren 13tik 24ra margolan guztiak Sastiñan ikusgai jarriko dituzte, eta, amaitu ostean, herritarrek urriaren 30era arte erretiratu ahalko dituzte euren lanak. "Polita izaten da hori ere. Jendeak Aramaioko baserri, etxe eta kaleak identifikatzen ditu", dio Ramilak.

Margolanen estiloa eta teknika librea da eta edozein material erabili daiteke margotzeko. Autoreek jarri beharko dute materiala, eta, gehienez ere, 130x97 zentimetroko neurria izan beharko dute lanek. "Oso goiz polita izaten da, eta, horregatik, lotsak etxean utzi eta pinturak ateratzera animatzen ditugu herritarrak", amaitu du Ramilak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak