Hamar organo-ikasle dabiltza Gasteizen, Floren Untzuetaren dohaintzari esker

Koldo Zubia Salas

Floren Untzueta, etxeko organoarekin, Luis Aranburu Musika Eskolan. Irudia: Gasteizko Udala. 

Floren Untzueta organo-jole aramaioarrak Luis Aranburu Musika Eskolari eman zion maiatzean etxeko organoa. Dohaintzari esker, hamar organo-ikasle dabiltza eskolan. 

Gurasoen laguntzarekin hasi zen gaztetan Floren Untzueta (Aramaio, 1941) organoa jotzen. Gasteizko Seminarioan egin zituen apaiz ikasketak, eta, gero, Ekuadorrera joan zen, misiolari. Itzuli zenean, Filosofia eskolak eman zituen Ikasbidea ikastolan eta organo ikasketak egin zituen Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Prestakuntza hark ahalbidetuta, organista titular jardun du azken 40 urteetan, Gasteizko Santa Maria katedralean eta San Pedro elizan. Urte hauetan, 1.000 emanalditik gora egin ditu bi leku haietan, doan guztiak. "Oraindik ere San Pedron jotzen jarraitzen dut, domeketan. Ibiltzeko arazoak ditut eta kosta egiten zait elizako eskailerak igotzea, baina bertakoek lagundu egiten didate. Eskailerak igotzea kosta arren, organoaren aurrean jartzen naizenean beste pertsona bat bihurtzen naiz", azaldu du Floren Untzuetak.

Etxeko organoa, dohaintzan

Santa Maria eta San Pedro elizetako organoak, ordea, ez dira Untzuetak erabilitako bakarrak izan: estudioko organo bat izan du etxean urte luzez. "Organoa nirekin izan da 40 urte hauetan; Tarragonan, Sevillan, Gironan... leku askotan izan naiz, baina etxean ikasten nuen", dio Untzuetak. Ikasteko ez ezik, ikerketa-lanak egiteko ere baliatu du organoa. Haren lanari esker, Gasteizko Elizbarrutiko Musika Ondarearen Artxibo berria ireki ahal izan zuten.

Floren Untzueta: "Nirekin organo horrek bere eginkizuna bete duela erabaki dut"

Alabaina, urte luzez etxean izandako instrumentua Gasteizko Luis Aranburu Musika Eskolari dohaintzan ematea erabaki zuen maiatzean: "Emaztearekin batera hartu nuen erabakia; nirekin organo horrek bere eginkizuna bete du, eta musika eskolako gazteek orain aukera izango dute organoa jotzen ikasteko". Izan ere, estudioko organoak horretarako aproposak dira; Untzuetarenak 450 hodi ditu, eliza txikietan dauden tamaina erdiko organoek 1.000 hodi baino gehiago dituzte, eta handienak 10.000 hodiren bueltan dabiltza. Horrenbestez, dohaintza horrekin, gaztetxoenek organora hurbiltzeko moduko instrumentua izango dutela dio Untzuetak: "Luis Aranburu Musika Eskolak arrakasta handia du, bertan dabiltzan ikasle batzuek orain aukera izango dute euren ibilbide profesionala organoaren bueltan eraikitzeko".

Eskolarendako "ekarpena"

Luis Aranburu Musika Eskolako zuzendari Pedro Elosegiren arabera, aspalditik zeukaten buruan organoa edukitzea: "Eskolan pianoa eta klabea eskaintzen ditugu tekla-tresna gisa. Organoa, bestalde, oso musika eskola gutxitan eskaintzen da". Hala, Untzuetak instrumentua utzi nahi zuela jakin zutenean, harekin harremanetan jarri ziren, baina prezioa eskolaren aukeretatik kanpo zegoen. "Bi hilabeteren ostean, Untzuetak guregana jo zuen, gure eskola organoa egon zitekeen lekurik onena zela esateko", dio Elosegik.

Dohaintza horrek "ekarpena" egin dio eskolari, baina baita Gasteizko musika-komunitateari ere: "Dohaintzari esker, organo espezialitatea irakasgai gisa martxan jarri dugu. Gasteizen eta Araban organo asko eta oso onak daude elizetan. Gehienak, ordea, ez dira erabiltzen; ez baitago organo-jotzailerik. Musika-tresna bat erabiltzen ez denean, eta, organoen kasuan are gehiago, ez da mantentze-lan egokirik egiten, eta hondatu egiten dira. Egoera hori irauli ahal izateko, pentsatu genuen garrantzitsuena organistak egotea zela, eta eskola leku egokia da horretarako".

Dohaintza horri esker, 2026- 2027ko ikasturtean hamar organo-ikasle matrikulatu dira eskolan, baita organo-irakasle bat ere. Elosegik dio adin guztietako ikasleak direla eta ez dela beharrezkoa beste instrumentu bat aurretik jotzen jakitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak