2024an sortu zuten Lipar taldea Unai Etxenausia –ahotsa–, Unai Agirre –gitarra–, Peio Arriolabengoa –gitarra–, Andoni Zabalo –baxua– eta Mikel Serrato –bateria– musikariek. Taldeko abeslariak azaldu duenez, oso modu naturalean sortutako taldea da: "Taldea 2024an sortu zen, Leitzan, The Clayton taldearen kontzertu batean. Mikel, Andoni eta hirurok kontzertu ostean elkartu, eta zerbait jotzen hastea pentsatu genuen. Gerora, Unairekin eta Peiorekin harremanetan jarri, eta lehen entseguekin hasi ginen. Hortik dator Lipar; modu natural eta organikoan sortutako talde bat da".
Zazpi kantu, eguneroko bizitzari
Taldeak Hor nonbait izeneko estreinako diskoa argitaratu du, zazpi kantuz osatua. Aretxabaletako kuartelean grabatu zuten, Asel Errastirekin. Prozesuaren oroitzapen polita gordetzen du Etxenausiak: "Prozesua ederra izan zen, asteburu batean egin genuen. Instrumentu guztiak batera grabatu ziren, eta gero, detaileak gehitzen joan ginen, izan punteatzeak edo ahotsa".
Azaldu dutenez, estilo aldetik "nahasketa" bat da diskoa, eta kosta egiten zaie etiketa bat jartzea. Edukiari dagokionez, berriz, denetik dagoela dio aramaioarrak, baina eguneroko bizitzari kantatzen diote, bereziki: "Denetik dagoela esango nuke. Gure eguneroko kontuei kantatzen diegu, baina, beti, kutsu politiko bat presente egonda". Pozik gelditu direla ere nabarmendu du abeslariak: "Beti dago zer hobetua, eta hurrengo lanetan fintzen joango gara, baina pozik gaude emaitzarekin".
Kontzertuak, urtarriletik aurrera
Ameslarion ertzak kantuaren bideoklipa argitaratu dute. Hori, zein bestelako alderdi artistikoak, eurek ekoiztuak izan dira: "Mikel Serratok Artemanen egiten du lan, eta kontu horietarako badu gaitasuna. Bideoklipa hark egin du, Artemanek utzitako materialarekin, eta Beñat Abasoloren eta Mikel Ullibarriaranaren laguntzarekin".
Kantu hori eta gainontzekoak plataforma guztietan daude entzungai. Formatu fisikoan izateko, berriz, urtarrilera arte itxaron beharko da, orduan hasiko dira-eta kontzertuak jotzen: "Badugu asmoa formatu fisikoan ateratzeko. Kontua da ni kanpoan nagoela, eta Peio ere handik hona dabil. Urtarrilera arte ezingo gara kontzertuekin hasi, eta pentsatu dugu onena fisikoki orduan ateratzea dela".