Asier Agirre alkateak atzoko ohiko osoko bilkuran azaldu zuenez, abuztuaren 8ko gertakaria "ikaragarria" izan zen Aramaiorentzat, eta herritarrak dagoeneko hasi dira neguari begira kalteak konpontzeko lanak prestatzen. Udalak "zergak salbuesteko" duen baliabidea ahalik eta azkarren martxan jartzea nahi izan du, herritarrei dagoeneko egiten ari diren obra-baimenen eskaerei erantzun ahal izateko. Alkatearen arabera, gutxienez zortzi edo hamar eskaera jaso dituzte dagoeneko.
Kalte guztien zenbatekoa oraindik ez dutela kalkulatu azaldu du Agirrek. Bereziki, basoko kalte handiak izango direla aurreikusten du Udalak. "Herri mailan ikusten dena handia izan da", adierazi du, baina mendietan ere kalte handiak izan direla nabarmendu du. Horren ondorioak datozen urteetan ere nabarituko direla ohartarazi du, "mendi-sail handiak hilda" daudelako.
Bestalde, Euskara Plana ere aho batez onartu zuten osoko bilkuran.
Galderak eta eskariak
Galde-eskeen tartean, Aitor Axpe herritarrak liburutegiko langilearen lan-baldintzei buruz hitz egin zuen. Azaldu zuenez, langilea Udaleko langilea denez, eskubide eta betebehar batzuk dagozkio. Axpek adierazi zuen aurretik beste udal batzuetan egindako hiru urteko aldiak aitortu dizkiotela, baina Aramaioko Udalean egindako aldia oraindik ez diotela aitortu, eta, ondorioz, dagokion kopurua ez duela nominan kobratzen.
Horrez gain, langileak egin beharreko lanen deskribapena ere eskatu zuela azaldu zuen. Axperen arabera, horrelako dokumentuek normalean 17-18 orrialde izaten dituzte, baina liburutegiko langilearen kasuan dokumentuak bi orri baino ez ditu.
Azkenik, aparteko ordainketan 257 euro bakarrik jaso dituela ere azaldu zuen.