Domekan hasi zuten, Aramaion, XII. San Martin Pilota Txapelketa. Lehen jardunaldian lau partidu jokatu zituzten, eta aurrerantzean ere Maider Unda pilotalekuan izango dira norgehiagokak: egubakoitzetan 18:00etan eta domeketan 10:00etan. "Ondo hasi zen", azaldu du Alfonso Del Campok, Aramaioko Pilota Elkarteko presidenteak.
167 pilotari lehian
Aurten 167 pilotarik hartuko dute parte, eta horietatik 29 dira Aramaiokoak. Herrikoez gain, Arrasateko, Aretxabaletako eta Arabako hainbat herritako pilotariak ariko dira; besteak beste, Txukun Lakuakoak, Adurtzakoak, Zaramagakoak, Legutiokoak eta Aguraingoak. Maeztuko eta Lapuebla de Labarcako bina bikotek ere parte hartuko dute. "Lehen, Arabako klub guztiak gonbidatzen genituen; iaz, Arrasate eta Aretxabaleta gonbidatzen hasi ginen; eta aurten, Eskoriatza ere bai", azaldu du Del Campok.
7 eta 16 urte bitarteko pilotariak lehiatuko dira, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan, eta kategoria bakoitzean A eta B multzoak daude. Guztira, astean hamalau partidu inguru jokatuko dituzte: lau edo bost egubakoitzetan eta hamar bat domeketan.
Eskolartekoen arteko zubia
Duela hamabi urte sortu zuten txapelketa, eskolarteko txapelketen arteko hutsunea betetzeko: "Denboraldiaurre moduko bat da gurea. Eskolarteko txapelketaren hasieraren eta aurrekoaren finalaren arteko hutsune hori betetzen du".
Azaroaren 14an jokatuko dituzte final guztiak, 16:00etan hasita. Egun berezia izaten dela nabarmendu du Aramaioko Pilota Elkarteko presidenteak: "Jai bat egiten dugu, eta oso polita izaten da. Jendea gustura etortzen da". Izan ere, inguruko herrietako pilotariak eta familiak txiki-txikitatik joaten dira Aramaiora, eta txapelketak herria ezagutzeko aukera ere ematen du: "Aurreko domekan, esaterako, Sagardo Eguna izan zen Aramaion, eta hona etorritako jendea gero plazara ere joan zen. Batzuk harategira ere joaten dira… Ezagutzen dute ingurua".
Txapelketako jardunaldietan pilotariak zaintzeko ohitura dute elkartean: partidu bakoitzeko pilotari bakoitzarentzat ogitartekoa prestatzen dute. Final egunean, berriz, salda eta gazta izaten dira.
Halako txapelketek, ordea, antolakuntzakoen eta boluntarioen lana ere eskatzen dute. Gurasoek ogitartekoak eta ura banatzen dituzte, epaile lanak egiten dituzte eta gerrikoak banatzen dituzte. Aurten, lan horiek antolatzeko, gurasoen txandak egingo dituzte.
Pilota eskolan 40 ume
Asier Del Campo eta Julen Olaizola dira pilota eskolako 40 umeen entrenatzaileak. Elkartearen zuzendaritzan, gaur egun, hiru lagun ari dira: Del Campo bera, Heriberto Arriolabengoa eta Unai Uribarren.