Aramaioar nagusiena, Eustaki Agiriano-Zabala, hil da 102 urte betetzear zegoela

Amaia Txintxurreta Guridi

Eustaki Agiriano-Zabala, eskuetan lore-sorta duela, familiarekin eta udal ordezkariekin, iaz, 101 urte bete zituenean. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Astelehenean, irailaren 21ean, hil zen aramaioar nagusiena zen Suñako Palazio baserriko Eustaki Agiriano-Zabala. Domekan, irailaren 27an, beteko lituzke 102 urte.

Aramaion ospatzen duten Jubilatuen Egunean herriko emakume eta gizon nagusienak izan ohi dituzte gogoan, eta egun horren bueltan, hainbatetan jaso ditu oroigarriak hil berri den Eustaki Agiriano-Zabalak, herriko pertsona nagusiena izateagatik.

Iazko irailaren 27an, 101 urte bete zituenean, Udal ordezkarien bisita ere jaso zuen eta familiakoekin batera ospatu zuen eguna. 102 urte betetzear zegoela hil zen astelehenean, irailaren 21ean.

Bizi guztia, jaio zen baserrian

Suña auzoko Palazio baserrian jaio zen. Aita etxekoa eta ama Aretxabaletako Egilor baserrikoa zen. Bost seme-alaba izan zituzten, Eustaki, gazteena. Untzillako eskolara joan zen zazpi urtetatik gerra hasi zen arte, Julia maistra burgostarrarekin. Gerra ostean jarraitu zuen eskolan aldi batean, Mikaela Portilla maistrarekin. Bizi guztia eman du jaio zen baserrian. Aretxabaletako Isurieta auzoko Olabe baserriko Antonio Zubizarretarekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba dituzte. Hori eta antzinako bizimoduko beste hainbat pasarte daude jasota Ahotsak.eus-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak