57 kilometroko linea orokorra du Aramaioko ur-sareak, etxeetara doazen hodiak kontuan hartu gabe, eta horietako asko duela hamarkada batzuetakoak dira. Udalak azken urteetan inbertsioak egin ditu ihesak detektatzeko eta sareak berritzeko, baina Induspeko AHTaren tunelek San Adrian inguruko ur-bilketetan eragindako arazoa ere gehitu zaie. Herritarren kontzientziazioa ezinbestekotzat jo du Asier Agirre alkateak.
Ur-sarearen konplexutasuna
Ur-sarea "konplexua eta zaharkitua" da, alkatearen esanetan. Gainera, herriko uraren kudeaketa ez da beti Udalaren esku egon. Agirrek azaldu duenez, 60ko hamarkadan Ibarrak bazuen bere ur-depositua, baina auzoetan auzolanean antolatzen zen ur-hornidura. Auzo bakoitzak bere iturburuak bilatu eta deposituak eta sareak eraikitzen zituen, eta etxe batzuek beren ur-hornidura ere bazuten. 80ko hamarkadaren hasieran, Arabako Foru Aldundia auzoetako ur eta saneamendu zerbitzuak hobetzeko dirulaguntzak ematen hasi zen. Horren ondorioz, auzo bakoitzak bere deposituak eta ur-sareak egin zituen. "Polietilenoaren garaia zen", azaldu du alkateak, baina orduko materialen kalitatea gaur egungoa baino txikiagoa zen eta urteek eragina izan dute sareetan.
Gero, osasun-araudiaren ondorioz, ura kloratu eta etxeetara tratatuta eramateko beharra ezarri zen. Horrek Udalaren esku utzi zuen ur-sareen kudeaketa, eta auzoetako sareak elkarren artean konektatu behar izan ziren.
Ihesak atzemateko sistemak
Azken urteotan, Udalak hainbat neurri hartu ditu ur-ihesak kontrolatzeko. Besteak beste, sarean kontagailuak jarri dituzte, ura zein puntutan galtzen ari den identifikatu ahal izateko. Ur-hartuneak ere berritzen ari dira, eta Gantzagako sarea berritzen ari dira, ihes ugari izan dituelako.
Untzillatik Zabolarako bidean ere ihesak eragiten zituen gune bat dago, eta hori faseka konpontzen ari dira. Gainera, 2026 eta 2027 artean Barajuengo eta Suñako sare orokorrak berritzeko asmoa dago, baita Untzillako sarearen zatirik handiena ere.
Induspeko tunelen eragina
Sarearen zaharkitzeaz gain, Induspeko AHTaren tunelek San Adrian inguruko ur-bilketetan izan duten eragina ere aipatu du alkateak. Iaz bi hilabetez egon ziren lehortuta, eta aurten, berriz, maiatzaren amaieratik edo ekainaren hasieratik ez dute behar besteko ur-ekarpenik izan.
Egoera horren harira, Oletako bilketak funtzionatzen duela azaldu du Agirrek, eta herriko sarea Orixolgo eta Etxaguengo bilketekin mantentzen ari direla. "Handik hartu eta Suñaraino ura eramatea zoramena da", adierazi du.
Udan, gainera, Udalak eta ADIFek adostutako behin-behineko lan baten bidez, Etxaguengo bilketatik Arrikoitiko depositura kanpoko hodi bat jarri dute ura eramateko.
Herritarren kontzientziazioa
Ur-ihesek eta ur-kontsumo desegokiek ere eragin zuzena dute deposituen mailan. Agirrek azaldu duenez, batzuetan ezusteko kontsumoek deposituak hustu ditzakete, eta horrek arriskua dakar, besteak beste, suteei aurre egiteko behar den ur-erreserba murriztu daitekeelako. "Udalak esaten duenean kontuz ibiltzeko uraren kudeaketarekin, arazo batzuk daudelako da", nabarmendu du Agirrek.
Haren esanetan, herritarren eta Udalaren arteko elkarlana ezinbestekoa da ur-mozketarik ez egiteko: "Araban leku askotan ur-mozketak izan dira, eta Aramaion lortu dugu, ur-mozketarik gabe, zerbitzua bermatzea".
Datorren urteari begira Udalak etxeetako kontagailuak telematikoak izateko aukera aztertuko duela aurreratu du Agirrek; horrek kontsumoak denbora errealean kontrolatzeko eta erabilera desegokiak identifikatzeko aukera emango luke. Horretarako, ordea, ordenantza bat beharko litzatekeela azaldu du alkateak: "Saiatu behar gara puntu horretara ez heltzen, baina uste dut beharko dugula jakiteko bateren batek erabilpen desegoki bat egiten badu".
Herritarrei egoeraren berri emateko deialdia egiteko asmoa du Udalak, ura "baliabide neurtua" delako.