Ginka Biloba taldeak rocka eramango du gaur Sastiñako Musika Festibalera

Amaia Txintxurreta Guridi

Ginka Biloba taldeko Iker Leibar, Julen Ribas eta Olatz Urkia. (Argazkia: Joseba Lizaranzu).

Arrasateko Ginka Biloba taldea gaur, egubakoitza, 19:00etan izango da Sastiñako Musika Festibalean. Rocka dute oinarri, baina ez dute estilo bakarrera mugatu nahi. Bateria, baxua, gitarra eta ahotsak baliatuta, kantu bakoitzak eskatzen duenari erantzuten saiatzen dira.

Hiru musikarik osatzen dute Ginka Biloba; Iker Leibarrek, Julen Ribasek eta Olatz Urkiak. Gaur, egubakoitza, Aramaion joko dute kontzertua eta zuzenekoaren indarra azpimarratu du Iker Leibar taldekideak; "Ginka Biloba diskoa ahalik eta zuzenen eta ahalik eta modu naturalenean helarazteko prest" daudela dio. Haien asmoa zuzeneko musikak ematen duen hori transmititzea da, "jendeari begietara begiratuta".

Ez dute, hala ere, kontzertuaren inguruko gehiegizko espektatibarik sortu nahi. "Musikariari ez zaiola ezer eskatu behar entzun zion behin Matxet abeslariari, eta ideia horrekin bat egiten du taldeak". Helburua esperientziaz ikastea eta, batez ere, gozatzea da. "Gure musika kontzertu aurretik baino pertsona gehiagok ezagutzen badute, horrekin pozik gaude", dio.

Debagoieneko musika eta kultur mugimenduari ere balioa eman dio Leibarrek. Agenda "gainezka" dagoela dio, eta horrek batzuetan kontzertuetarako tokiak aurkitzea zailtzen badu ere, dio badirela musikaz gozatzeko eta sortzeko espazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak