Orixol mendi elkarteak zapaturako antolatutako Aitor Arana Mendi Martxak bi ibilbide izango ditu: motzak 16 kilometro eta 700 metroko desnibela izango ditu; luzeak, berriz, 24 kilometro eta 1.250 metroko desnibela.
Ibilbide luzea Aramaion hasi eta Durakogain, Kruzeta, Orixol, Lezia, Atxin baserria (Oleta) eta Zabalandi igaro ostean itzuliko da herrira. Ibilbide motzak, berriz, Aramaio, Durakogain, Kruzeta, Etxaguen eta Aramaio lotuko ditu.
Anoa-postuei dagokienez, ibilbide motzean, San Kristobalen (Krutzeta) egongo da bakarra; luzean, berriz, bi izango dira: San Kristobalen eta Kondebasoan, Oletako Guarda Etxetik aurrera.
Dagoeneko 50 lagunek, behintzat, eman dute izena, baina azken orduan parte hartu nahi dutenek ere izango dute aukera horretarako. Izan ere, zapatuan bertan, 07:00etatik aurrera herriko frontoian eman ahalko da izena –antolatzaileek jakinarazi dute beste urte batzuetan beste 60 lagun gehiagok eman ohi izan dutela izena momentu horretan–. Eta aurtengo ere 100 parte-hartzaile inguru espero dituzte antolatzaileek.
Herritarrentzako pentsatua
Orixol elkarteko Eider Ballinak azaldu duenez, Aitor Aranaren omenez antolatzen dute mendi martxa, eta urteko ekitaldi finkoetako bat bihurtu da, "hasierako esentzia" mantenduta. Ballinaren arabera, herrian badu arrakasta martxak, eta, batez ere, Aramaioko herritarrei bideratutako ekintza da. Adin guztietako parte-hartzaileak izaten dira, gainera: umeekin doazen familiak, korrika egin nahi dutenak eta urteetan Orixolen ekitaldietan parte hartu izan duten 60 urteko mendizaleak ere bai.
Antolakuntza lanari dagokionez, "ilusioz" prestatzen dute eguna. "Lana da, baina gustura egiten dugu", azaldu du Ballinak. Aurten, gainera, hamabost lagun inguru arituko dira egunean bertan antolakuntza lanetan.
Erreleboa, bideratuta
Aurtengo martxa elkartearen etapa baten amaierarekin ere lotuta dago. Azken lauzpabost urteetan sei lagun inguruk osatu dute elkarteko taldea, baina orain erreleboa prestatzen ari dira herriko beste gazte batzuekin. Ballinak azaldu duenez, elkartean sartzeko interesa agertu zuen herriko gazte batek, eta talde berria sortu dute; dagoeneko 12-13 lagun inguruko taldea osatu dute.
"Erreleboa izatea pozgarria da", esan du Ballinak. Trantsizioa aurten hasiko dute, eta asmoa da datorren urtetik aurrera talde berriak hartzea elkartearen ardura. Horregatik, aurten ez diote arreta berezirik jarri 30. urteurrenari; izan ere, indarrak erreleboa prestatzen eta urteko azken ekintzak elkarrekin antolatzen jarri dituzte.
Aitor Arana Mendi Martxaz gain, Orixol elkarteak, besteak beste, abenduaren 31ko Orixolera irteera eta eski irteerak ere antolatzen ditu.