Andoaingo Dukkha taldeak emango dio hasiera, gaur, egubakoitza, Sastiñako Musika Festibalari. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta hirukoteak rocka oinarri duen proposamena eramango du oholtzara. Iraileko zikloko bigarren emanaldia astebete geroago izango da: Ginka Bilobak joko du irailaren 18an, ordu eta leku berean. Aimar Urruzuno gitarra-jole eta abeslariak azaldu duenez, rock eta stoner doinuetatik abiatu ziren, baina denborarekin beste norabide batzuk lantzen hasi dira. Erritmoak, melodiak eta alde dantzagarriagoa indartu dituzte, hasierako soinu astunagoa erabat baztertu gabe. "Kontzertuak festa bihurtu nahi ditugu orain, ez zaigu serioak izatea gustatzen", azaldu du Urruzunok.
Zuzenekoak, indargune
Bilakaera hori zuzenekoetan ere igartzen dela dio taldeko kideak. Diskoetan soinua bereziki zaintzen dute; oholtza gainean, berriz, kantek bestelako indarra eta izaera hartzen dutela uste dute. Hain zuzen, kontzertuetara joaten direnek sarritan nabarmentzen dieten ezaugarria dela azaldu du Urruzunok. Musikarekin batera, hitzek ere badute pisua Dukkharentzat. Urruzunoren arabera, kontzertuetan bi alderdi horiek uztartu nahi dituzte: mugitzeko eta dantzarako erritmoak eskaintzea, baina, aldi berean, hitzei erreparatu nahi dien entzuleari ere edukia ematea.
Formatu txikiko zuzenekoa
Aramaioko emanaldia hirukote formatuan egingo dute, eta Sastiñaren tamainak eskaintzen duen gertutasuna aprobetxatu nahi dute. Eszenatoki handiagoetan jo izan badute ere, espazio txikietan publikoarekin sortzen den harremana gustuko dutela dio Urruzunok. Taldeak soinua eta zuzenekoaren prestaketa neurri berean zaintzen dituela gaineratu du, aretoa handia edo txikia izan. Aramaion jotzeko proposamena jaso zutenean gogoz onartu zutela azaldu du. Sastiñako kontzertuan taldearen gaur egungo bi aldeak erakutsi nahi dituzte: rockaren indarra eta azken urteetan irabazitako izaera dantzagarriagoa. Entzuleak mugiaraztea dute helburu, baina baita kanten hitzei eta ñabardurei erreparatzeko aukera ematea ere. Sastiñako Musika Festibalak hilaren 18an izango du jarraipena, 19:00etan, Ginka Bilobaren rock kontzertuarekin.