Aramaioko errepideetan motor hotsa izango da zapatuan, irailaren 12an. Azpiko Racingek Aramaioko Rallysprintaren 25. aldia antolatu du, eta 47 auto lehiatuko dira. Lau txanda kronometratu jokatuko dituzte, 7,8 kilometroko ibilbidean: bi noranzko batean eta beste bi kontrakoan. Goizeko saioa 12:00etan hasiko da eta arratsaldekoa 16:00etan hastea aurreikusten dute. Guztira, 31,2 kilometro egingo dituzte erlojuaren aurka. Goizeko bi txandak Irubideta igarota hasiko dituzte, Uribarri aldera. Handik Arexola eta Arriola igaro, Etxaguen aldera jo eta, bertara iritsi aurretik, Gantzagarantz jaitsiko dira; Andramariko bidegurutzean amaituko da. Arratsaldeko bi txandak ibilbide bera kontrako noranzkoan egingo dituzte. Gainera, ibilbidearen goialdeko errepidea asfaltatu egin dute aurten.
47 auto, hamabi debagoiendar
Parte hartuko duten 47 autoen artean bailarako ordezkaritza ere izango da. Hamabi debagoiendar izango dira guztira, pilotu eta kopilotu artean: Aimar Arriolabengoa, Maialen Ballina, Ane Gardoki, Aritz Zubia, Unai Jurado, Urko Perez, Jokin Gutierrez, Aitzol de Lucas, Jokin Mellado, Beñat Gantxegi, Jose Ferreira eta Maialen Lete. Garaipenaren lehian ibiltzeko hautagai nagusien artean Aitzol Apalantza eta Alberto Marcos daude. Apalantzak azken bi edizioak irabazi ditu Aramaion; Marcosek, berriz, aurreko biak eskuratu zituen. Biak Rallysprint Txapelketaren lehian daude aurten: Apalantza da liderra, eta Marcos bederatzi puntura du sailkapenean. Iraitz Olariaga eta Mikel Kintana dira aurrean ibiltzeko beste bi hautagai. Txapelketaren azken txanpan iritsiko da Aramaioko proba. Zazpi lasterketa jokatu dituzte dagoeneko, eta Aramaiokoa amaitutakoan Elgoibarko eta Intxortako rallysprintak soilik geratuko dira egutegian. Egutegiko azken proba urriaren 31n jokatuko dute, Intxortan.
25 urteko bilakaera
Rallysprintaren ingurua ere aldatu da 25 urteotan. Azpiko Racingeko kideek azaldu dutenez, proba antolatzea gero eta garestiagoa da, eta boluntarioak lortzeko ere zailtasun handiagoak dituzte. "Errepide bazterretan ikusle gutxiago elkartzen da, orokorra den joera da, eta sarreretatik ere diru gutxiago lortzen dugu", diote. Autoetan ere igarri dute aldaketa: garai batean, punta-puntako auto gehiago ikusten ziren, eta gaur egun, gutxiago dira halakoak. Hala ere, rallysprintak osasuntsu jarraitzen duela nabarmendu dute, eta pilotuen artean gustuko proba izaten segitzen du.
Errepide mozketak
Lasterketa 12:00etan hasita ere, errepidea 11:00etan moztuko dute. Aita Gabirel Jauregi, Pedro Ignazio Barrutia eta Nardeaga kaleak itxita egongo dira. Aparkaleku horiek eta kultur etxe osteko zein frontoikoak libre utzi beharko dira 08:00etarako.