Azken astetan txakurrek mendiak pare bat artalderi egindako erasoak izan dira. Lehenengoan, Anboto eta Izpizte inguruan, "aitzetik behera erorita" hainbat ardi hilda agertu ziren. Abuztuaren 29ko asteburuan, berriz, Euzkitza baserriko Julen Altuberek artaldean lauzpabost ardi zaurituta aurkitu zituen, eta beste bi falta zitzaizkion.
Udalak gogorarazi du natura-ondareko gune babestuetan txakurrak uhalez lotuta eraman behar direla, baimendutako une eta lekuetatik kanpo. Hala jasotzen du Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko 9/2021 Legearen 99.i artikuluak. Udalaren arabera, neurriaren helburua da inguruko fauna, artaldeak eta pertsonak babestea. Arabako Foru Aldundiko Mendi Sailarekin eta Parke Naturaleko arduradunekin ere jarri da harremanetan Asier Agirre alkatea. "Ez dute protokolorik horrelako gauzen aurrean", azaldu du. Parke Naturalaren inguruan kartelak jarri dituzte, eta txakurrak solte daramatzaten pertsonei jarraipena egiteko neurriak ere hartu dituztela adierazi du. "Espero dugu gauza puntual bat izatea, baina parkearen barruan behintzat konstantzia gelditu da eta kontuari jarraipena egingo dietela espero dut".
Artaldeen kontrako erasoak
Barajuen auzoko Euzkitza baserriko Julen Altubek azaldu duenez, txakurren erasoen arazoa "betikoa" da: "Gure kasuan normalean erasoen hurrengo egunean konturatzen gara, ardietan ondorioak aurkitzen ditugulako".
Artzainaren arabera, kalteak ez dira zaurietara mugatzen. "Ez da bakarrik haginkada bat edo zauri bat. Hor sortzen dira estres arazoak eta abortoak, esaterako". Bereziki, txakurra jabearengandik urruntzen denean sortzen dela arazoa dio eta komeni dela "kontrolpean" eramatea, horrelakoak gerta ez daitezen. Udalak mendiaz arduraz gozatzeko deia egin du, eta herritarren laguntza "funtsezkoa" dela nabarmendu du "mendi bizi eta seguru baten alde".