Jon Zarate: "Adimen artifizialeko osasun-tresnek euskaraz ere jardun behar dute"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko irailaren 3a

Jon Zarate. (Argazkia: 'Zientziakaiera').

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetako bat izango da Aramaion datorren egubakoitzean, hilaren 11n, 09:45ean hasita: Osasuna eta hizkuntza XIX: Euskara, adimen artifiziala eta osasuna. Bertan izena emateko aukera dago Uik.eus webgunean, ikastaroaren bezperara arte.

Jon Zarate (Lekeitio, 1979) da Osasuna eta hizkuntza XIX: Euskara, adimen artifiziala eta osasuna ikastaroaren zuzendaria eta horri buruzko informazioa eman du.

Zergatik aukeratu duzue gai hori?

Ikuspuntu eta iritzi ezberdinez elikatutako eztabaida irekia dagoelako osasun komunitatean adimen artifizialarekin garatutako teknologiak nola txertatu beharko liratekeen euskarazko arreta integrala bermatu dadin. Adimen artifizialarekin garatutako teknologiak laguntza tresna bat izan behar direlako eta horiek sisteman integratu aurretik oinarrizkoak diren hainbat erabaki garrantzitsu hartu behar direlako. Adibidez, osasun sistemako langile guztien euskara gaitasuna hobetzeko ekimenak, osasun profesionalen lanpostuetan C1 mailako hizkuntza eskakizunak zehaztea, zirkuitu elebidunen integrazioa, lehentasunezko hizkuntza erregistroaren eskaintza aktiboa egitea...

Zer garrantzi du euskarak adimen artifizialaren garapenean presente egoteak?

Lehenik eta behin, adimen artifizialeko sistemak –txatbotak, itzultzaile automatikoak, ahots-laguntzaileak edo diagnostikoari laguntzeko tresnak– eskuragarri dauden datuekin entrenatzen dira. Euskara datu eta baliabide digital horietan behar bezala ordezkatuta ez badago, tresna horiek ez dira gai izango euskaraz zehaztasunez eta naturaltasunez jarduteko.

Bestalde, paziente askorentzat ama-hizkuntzan artatua izatea funtsezkoa da. Osasun-arazoak azaltzeko, sintomak deskribatzeko edo tratamenduei buruzko azalpenak ulertzeko, hizkuntza propioa erabiltzeak komunikazioa hobetzen du, konfiantza handitzen du eta akatsak murrizten laguntzen du. Horregatik, adimen artifizialeko osasun-tresnek ere euskaraz jarduteko gaitasuna izan behar dute.

Gainera, euskara adimen artifizialaren garapenean txertatzeak hizkuntza-eskubideak bermatzen laguntzen du. Osasun-sistema gero eta digitalagoa denez, ezinbestekoa da euskarazko zerbitzuak atzean ez geratzea eta herritar guztiek arreta berdina jasotzea, erabiltzen duten hizkuntza edozein dela ere.

Azkenik, euskararen presentziak berrikuntza sustatzen du eta hizkuntzaren etorkizuna sendotzen laguntzen du. Teknologia berrietan presente dagoen hizkuntza batek erabilera-eremu gehiago irabazten ditu eta belaunaldi berrientzat erakargarriago bihurtzen da.

Baina ezin genezake ahaztu kalitatezko osasun arreta eskaini nahi bada adimen artifizialak ezin duela osasun profesionala ordezkatu, eta ezinbestean osasun profesionala gai izan behar dela pazienteak hautatutako hizkuntzan osasun arreta integrala emateko, bai ahoz eta bai idatziz. Gure kasuan, euskaraz. Beraz, euskarak adimen artifizialaren garapenean presentzia izatea lagungarria da kalitatezko, bidezko eta seguruagoa izango den osasun arreta euskaraz bermatzeko, baina ezin genezake ahaztu oinarrizkoak diren beste betekizun batzuk bermatu gabe adimen artifiziala ez dela lagungarria izango. Oinarrizko beste betekizun horietako bat da euskal osasun sistemako osasun profesional guztiek euskarazko C1 maila lortzea.

Zein arrisku egon daitezke euskara teknologia berrietan txertatzen ez bada?

Adimen artifizialeko tresna gehienek hizkuntza nagusiak lehenesten badituzte, euskaraz bizi nahi duten herritarrek zerbitzu eskasagoak jasotzeko arriskua izango dute.

Herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea gero eta zailagoa izan daiteke, osasun-zerbitzu digitalak eta adimen artifizialeko aplikazioak euskaraz prest ez badaude.

Teknologia berriak eguneroko bizitzaren parte dira. Euskara plataforma horietan ez badago, hizkuntzaren erabilera murriztu egin daiteke arlo estrategikoetan, hala nola, osasunean, hezkuntzan edo administrazioan.

Tokiko hizkuntza eta errealitatea kontuan hartzen ez dituzten kanpoko tresnen mende egon gaitezke, eta horrek euskararen behar espezifikoak bigarren mailan uzteko arriskua dakar.

Zer da Itzulbide eta zertarako balio du osasun-arloan?

Itzulbide bezalako tresna bat osasun-arloan erabiltzeko berariaz garatutako adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-teknologiako plataforma da, euskararen eta gainerako hizkuntzen arteko komunikazioa errazteko. Bere helburua ez da soilik testuak itzultzea, baizik eta osasun-komunikazioa zehatza, segurua eta terminologikoki egokia izatea. Garapen fasean dagoela esango nuke.

Zeintzuk dira ikastaro honetan parte hartuko duten adituen ekarpen nagusiak?

Ikastaroaren lehen zatian hizkuntza prozesamenduan eta adimen artifizialean oinarritutako euskarazko tresnak garatzen dituzten EHUko Hitz Zentroko ikertzaileek garatutako tresnez hitz egingo digute. Eta tresna horiek euskarazko osasun arreta bermatzen laguntzeko nola aplikatu daitezkeen azalduko digute.

Bigarren zatian aldiz, adimen artifizialean oinarritutako tresna horietaz haratago, ezinbestekoak eta garrantzitsuagoak diren beste oinarrizko gaiez hitz egingo digute. Kontuan izanik bizi garen garai digitalean adimen artifizialeko tresnak euskaraz garatzeak duen garrantzia, euskarazko kalitatezko osasun arreta bermatzeko ukaezinak diren oinarrizko gaiak azalduko dizkigute. Batetik, arlo horretan ezagutza zientifiko izugarria duen Aramaio bertako Aitor Montes medikuak nazioarteko estandar klinikoetan oinarritutako ebidentziaz hitz egingo digu. Montesek berak eginiko ikerketa ezberdinetan jasotako ezagutza azalduko digu, eta Itzulbide bezalako tresnek oinarrizko beste neurririk hartu gabe ezertarako balio ez duela frogatuko digu. Era berean, euskararen aldeko aktibismoak kalitatezko euskarazko osasun arreta bermatze aldera egin dezakeen ekarpena ikusiko dugu pare bat esperientziatan. Batetik, Euskal Herria Euskarazek garatutako Hizkuntza eta Osasuna Txirikordan proiektua, eta bestetik, Ipar Euskal Herritik sortu berria den kalitatezko osasungintza publikoaren eta euskaldunaren aldeko aldarria deritzan dinamika azalduko digu Gorka Torre Baxenafartarrak.

Nori zuzenduta dago bereziki jardunaldia?

Ikastaro hau egokia da osasun-profesionalentzat, hizkuntza-teknologietako ikertzaileentzat, Osakidetzako kudeatzaileentzat, ikasleentzat eta osasun-arloan euskararen etorkizun digitalean interesa duen edonorentzat.

Zertarako balioko du ikastaroak?

Herrian nazioartean puntakoak diren ikertzaileak izango ditugu. Gainera, Aramaioren eta eskualdearen eta EHUren arteko elkarlana sendotzen da, kontuan izanik Euskadin dugun Unibertsitate Publiko bakarra dela, horrek garrantzia berezia hartzen du. Gainera, Aramaioko herritarrak kontzientziatzeko balio dezake. Kontzientzia hartu dezaten beren osasun arreta euskaraz eskatu dezaketela eta hori arretaren kalitatean gakoa dela.

Etorkizunera begira, nola irudikatzen duzu euskararen presentzia adimen artifizialean eta osasunaren arloan, hamar urte barru?

Galdera zaila erantzuteko. Badirudi hamar urte barru euskararen presentzia adimen artifizialean nahiko osasuntsua izateko muskulua badugula. Hitz bezalako ikerketa zentroek hori bermatzeko gaitasuna badute eta euskaltzale nahikoa badago adimen artifiziala euskaraz trebatzeko eta edukiak sortzeko. Baina tamalez, nire ustez horrek ez du euskarazko kalitatezko arreta bermatzeko ezertarako balioko baldin eta osasun sistemako osasun profesional guztiek euskara ikasten eta erabiltzen ez badute, eta gutxienez C1 mailaraino. Nire sentsazioa da etxea teilatutik eraikitzen hasi garela, baina oraindik garaiz gaude erabaki zuzenak hartzeko. Beraz, egin dezagun lehentasunezko hizkuntza erregistroa eskaintza aktiboaren eredutik, jarri ditzagun martxan zirkuitu elebidunak eta txertatu ditzagun gai horiek osasun profesionalen etengabeko prestakuntzan. Hori eginez gero Itzulbide oso tresna baliagarria izango da, bestela ez du helburua lortzeko balioko. Baina nahiago dut adituak Aramaion irailaren 11n entzun eta hausnarketa haiekin egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak